Hiribilduko umeentzako lehen parke estalia ireki du Plentziako Udalak

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 31a, 10:34

Elixabete Uribarri, estalki berria atzean duela. © PLENTZIAKO UDALA

Plentziako Udalak estalkia instalatu du Ontziola plazako parkean, eta umeentzako jolas-gunea ere berritu du. 180.000 euroko inbertsioa izan duten lan horiek helburu bikoitza dute: alde batetik, umeek, baldintza meteorologikoak edozein direla ere, eremu  ludikoaz gozatzea, eta, bestetik, jolaserako elementu berriagoak izatea, besteak beste, zabuak, txirristak eta arintasuna eta oreka lantzeko aukera ematen duten hainbat elementu, bai eta kautxuzko zoladura malgua, jolasguneari segurtasuna emateko. Horrela, Plentziako txikienek jolasgunea dute berriro, udalerri osoan estalkia duen lehena. 

Gainera, Plentziako Udalak hasierako proiektua hobetu du, eta hurrengo egunetan zabu egokitu bat instalatuko du dibertsitate funtzionalen bat duten umeek ere ahalik eta murrizketa txikienakaz jolasteko aukera izan dezaten. 4 eta 14 urte bitartekoentzat prestatutako zabua da, arnesa duen aulki-habia. “Mota horretako zabu inklusiboen eskaera antzeman ondoren, hiribilduan instalatu dugun lehena da. Desgaitasuna duen umea daukan Plentziako familia batek bere eskaria helarazi zigun, eta baloratu ondoren, ez dugu zalantzarik izan jarduteko. Alderdi horretan aurrera egiten jarraituko dugu, udalerriko ume guztiek, euren egoera edozein dela ere, jolas guneaz gozatzeko aukera izan dezaten, segurtasun berme osoz sozializatzeko aukera izateko”, adierazi du Plentziako alkate Elixabete Uribarrik.

Jarduketa hori Udalak 2022ko maiatzean onartutako “Entzun eta Ekin” planaren barruan dago. Hiribildua biziberritzeko inbertsio-plan berezia da. “Ontziola plazan ireki berri dugun umeentzako parke hau plentziarrek gehien eskatu duten ekintzetako bat da, eta ez dugu zalantzarik izan egiteko. Lehenago irekitzea gura genuen arren, materialak jasotzeko orduan izan ditugun atzerapenak eta ziurtagiriak lortzeak uste baino gehiago luzatu dute irekiera. Ahal den auzo guztietan umeentzako parkeak hobetzeko lanean jarraituko dugu”, azaldu du Uribarrik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun