Plentziako zubi berritua eskualdeko turismo jasangarriaren ikurra izatea gura dute

Ander Zarraga 2023ko api. 3a, 11:12

Jata-Ondo elkarteak Plentzian egindako turismorako egitasmoaren aurkezpena hainbat politikarik eta arduradunek parte hatu zuten. © PLENTZIAKO UDALA

Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkarteak eskualderako egindako helmuga turistiko iraunkortasunerako planaren aurkezpenean, Plentziako Udalak Zubi Adimendunaren proiektua ezagutzera eman du. Besteak beste, zubia zaharberritu, LED argiztapena eta oinezkoen zein bizikleten kontagailu bat jarriko diote. 

Turismo jasangarriaren bidean, Plentziako ikurra den zubia adimendun bihurtu gura dute XXI. mendeko elementuakaz hornituz. Halaber, pasabidea Uribe Kostako eskualdeko turismoaren ikono gisa proiektatzeko egitasmoa ere izango da, eta, horretarako, Udalak 215.300 euro jaso ditu Eusko Jaurlaritzak Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkarteari bideratutako Next Generation funts europarrekin bidez.

Azaldu dutenez, trantsizio berdea eta iraunkorra, energia-eraginkortasuna, trantsizio digitala eta lehiakortasuna dira Plentziako zubia eraldatzeko proiektuaren lau ardatzak. “Zubia hobetzeko asmo handiagoko proiektu baterako lehen fasea da hau. Garapen Iraunkorreko Helburuen 2030 Agendarekin bat datozen jasangarritasunaren parametroak ahalik eta gehien betetzen dituen turismorako bideari jarraitzeko ideia gehiago ditugu”, adierazi du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.

Hasteko, batetik, hainbat koloretako LED motako argiztapena jarriko diote pasabideari, eta bestetik, monitorizazio digitaleko elementuak instalatuko dizkiote kudeaketa turistikorako eta zubia online mantentzeko, hala nola oinezkoen eta bizikleten kontagailu bat, datuak sarearen kudeatzaileari bidaliko dizkiona eta bisitarien fluxuak modu ordenatuagoan ezagutzeko aukera emango duena. 

Horregaz batera, itsas-giroaren eraginez degradatutako elementu metalikoak ere berritu eta zubiaren zati batzuk berriz margotuko dituzte. Zeregin horretan kutsadura saihesteko eta etorkizunean egitura ingurumenarekiko atsegina eta iraunkorra izaten jarraitzeko teknikak baliatuko dituzte.

3,3 milioi euro

Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkarteak eskualdean turismo jasangarria sustatzeko egitasmoaren barruan kokatzen da Plentziako zubiaren zaharberritzea. Egitasmo horrek 3,3 milioi euroko diru-laguntza jaso du Next Generation funts europarretatik eta 16 udalerriri eragingo die. Besteak beste, Uribe Kostan, Erandion autokarabanentzako aparkaleku bat egitea eta Sopela eta Gorlizko bidegorriak hedatzea aurreikusi dute. Halaber, Leioan, Mendibile Jauregian turismo bulego birtual bat ere sortuko dutela ere iragarri dute.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun