Plentziako Udalak animaliak edukitzeari eta terrazak kokatzeari buruzko ordenantzak onartu du

Erredakzioa 2023ko api. 4a, 10:24

Orain arte zeuden araudiak eguneratu dituzte, hiribilduaren eta biztanleen egungo errealitatera eta beharretara egokitzeko. Ordenantza biak martxoko osoko bilkuran onartu ziren eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren sartuko dira indarrean.

Plentziako Udalak animalien edukitza eta babesa arautuko duen ordenantza onartu du, hiribilduan erroldatuta edo erregistratuta egon edo ez, eta jabeen bizilekua edozein dela ere, animalien eta pertsonen bizikidetza eta ingurumen-osasunerako eta pertsonen edo ondasunen lasaitasunerako eta segurtasunerako izan daitezkeen arriskuak harmonizatzeko. Ordenantza Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren sartuko da indarrean.

Horretarako, Udalak animaliek tratuari, higieneari, zaintzari, babesari eta garraioari dagokienez jaso beharreko gutxieneko arretak finkatu ditu, hala nola establezimendu espezializatuetan egoteari, osasun-arretari, merkaturatzeari eta salmentari buruzko arauak ezarriz.

Ordenantzak egoera hauek jasotzen ditu: animalien sarrera lokal eta garraiobide publikoetara, udalerrian dauden katuen kolonien programaren kudeaketa eta animalien beste hiri-populazio batzuekiko prozedura. Halaber, erregulazio horrek konpainiako animalienganako errespetuaren, defentsaren eta hiltzeko debekuaren printzipioak jasoko ditu. Era berean, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoa ere arautu dute, lizentzia, edukitzeko baldintza orokorrak eta erregistroen araubidea kontuan hartuta.

"Udal hau ez da inola ere animalien aldeko sentsibilizazio-mugimendutik kanpo geratu, eta animalien eskubideen, tratu txarren eta bertan behera uztearen kontrako mugimenduen gizarte-sentimendua Udal Ordenantza batera eramaten jakin du", adierazi du Elixabete Uribarri Plentziako Alkateak.

Udal-araudi hori egiteko, gobernu-taldeak Katu Bihotzen, Plentzian animalien babesaren alde lan egiten duen tokiko elkartearen, laguntza izan duela ere gaineratu dute. "Elkarrekin egin dugu lan Ordenantza hau ondo egindako lanaren berme guztiekin aurrera atera zedin, plentziarrek gai honi dagokionez eskatzen dituzten benetako beharrei erantzuteko", adierazi du Alkateak.

Horrez gain, aipatu behar da azken bi urteetan, Udalak lehen aldiz jarri duela abian hirian CER (Harrapaketa, esterilizazioa eta itzulera) prozesua, eta beste diru-laguntza bat eman diola Katu Bihotz elkarteari, behar gehien duten animaliei laguntzeko ekintzak garuzatzen jarrai dezan.

Terrazen ordenantza

Udalbatzan, halaber, saltokietako eta ostalaritzako establezimenduetako terrazen eta hiri-altzarien instalazioa bide publikoan arautzen duen ordenantza eguneratzea ere onartu zen, udalerriko egungo errealitateari erantzun egokia emateko. 

Udal Ordenantza horren bidez, Plentziako udalerrian saltokiek bide publikoan jartzen dituzten terrazen eta altzarien instalazioa zuzenduko duen araubide teknikoa eta juridikoa ezarri dute. Araudiak adierazten duen bezala, terraza guztiek irisgarriak izan beharko dira, eta haien elementuen diseinuak eta kokapenak pertsona guztiek erabiltzeko aukera eman beharko dute.

"Plentziako eremu desberdinetako bizikidetzari erantzun behar diogu; izan ere, kontsumitzeaz eta bere kaleetan bizitza duen hiribilduaz gozatzeaz gain, herritarrek hirigintzaren aldetik ondo antolatuta dagoen herri lasaian bizi gura dute. Ordenantza berri honek elkarbizitza harmoniatsua lortzea ahalbidetuko digu, tokiko ekonomia indartsua sustatuko duen kalitatezko enpresen dinamizazioari lagunduz", adierazi du Uribarrik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun