Plentziako Udalak, PlentziaLanen bitartez, ostalaritzari eta merkataritzari buruzko mikro prestakuntza ekintzak antolatuko ditu, sektore horietan lan bila dabiltzan langabeentzat. Mikro prestakuntzen iraupena 20 ordu ingurukoa izango da. Gainera, ikastaroak egiten dituztenek elikagaiak manipulatzeko txartela lortuko dute.
Horretarako, PlentziaLan udal zerbitzuak bi prestakuntza-bloke antolatu ditu bertaratzen direnek oinarrizko ildoak eta lan egiteko moduak ezagutu ditzaten: Batetik, Zerbitzaria naiz da ostalaritzari zuzendutako ikastaroa, eta ekainean egingo da, bost saiotan. Bertan, zerbitzari izateko modua eta mahaiko zerbitzu bat nola bete azalduko dute. Sektoreko araudia, jarrera eta motibazioa, bezeroarentzako arreta edo estresaren eta denboraren kudeaketa bezalako gaiak landuko dituzte.
Bigarren blokearen kasuan, Nola izan kutxako langile 0tik 100era, ekainean emango dute, eta supermerkatuetan kutxazain eta birjartze-lanera egongo da bideratuta, bezeroarentzako arretari garrantzia berezia emanez. Lau saiotan dago banatuta, besteak beste, supermerkatuen oinarrizko araudia, prestakuntza espezializatua, komunikazioa eta kexen eta erreklamazioen tratamendu egokia.
Zerbitzu horri buruzko informazio gehiago eskatzeko, bi telefono-zenbaki eta helbide elektroniko bat ahalbidetu dituzte: 669 810 484 eta 688 891 766 eta enplegua@plentzia.eus.