Plentziako Auzotaxi zerbitzua errealitate bihurtzeko bidean da. Udalak daborduko ireki du indarrean dagoen taxi-lizentzia duen eta hirian bidaiariak jaso ditzakeen edozein taxilarik zerbitzu horri atxikitzeko eskaera aurkezteko epea. Interesdunek ekaianren 3ra arte daukate eskaera udaletxean bertan edo egoitza elektronikoan egiteko. Halaber, adierazi dute ekimenagaz bat egiteko behar diren baldintza guztiak www.plentzia.eus webgunean daudela eskuragarri.
Eskaerak berrikusi eta Plentziako Udalaren eta zerbitzua bermatuko duen taxilariaren arteko hitzarmena sinatu ondoren, Auzotaxi zerbitzua martxan jarriko dute. Zerbitzu hori Plentzian erroldatuta dauden eta herriko auzoetatik erdigunera, osasun-zentrora eta metro-geltokira edo auzoetatik eta zentrotik Urdulizko Ospitalera joan behar duten 16 urtetik gorako guztiei dago zuzenduta.
Ordutegia astelehenetik barikura 07:30etik 20:00etara eta zapatuetan 09:00etatik 13:00etara izango da. Udal-zerbitzu horren erabiltzaileek 3,00 euro ordainduko dituzte ibilbide bakoitzeko zentrora, anbulatorioa eta metrora joanez gero, eta 6,00 euro Urdulizko Ospitalera joateko. Udalak ordainduko du joan-etorri bakoitzaren prezioaren eta erabiltzaileek ordaindutakoaren arteko kostuaren aldeari dagokion zenbatekoa.
Auzotaxiak auzoen eta zerbitzuan jasotako helmugen artean konektatzea bermatu gura die herritarrei, lurralde-oreka eta mugikortasun jasangarria indartzeko neurri gisa, eta hiribilduaren erdigunean ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea sustatuko duela iragarri dute .
“Ekimen hau eskaera historikoa da gure herrian, auzoetan bizi diren plentziarrena batez ere, gure herriko erreferentziazko puntuetara joateko modu azkarra, eskuragarria eta jasangarria eskatzen dute-eta. Auzotaxia autobus zerbitzu bat behin betiko ezartzeko aldez aurreko pausoa da, eta konexioaren benetako beharrak ezagutzeko aukera emango digu, ibilbideak, maiztasunak eta ordutegiak, besteak beste”, azaldu du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.