Daborduko zabalik dago Plentzian euskara sustatzen duten ekimen eta jardueretarako diru-laguntzak eskatzeko epea. Deialdiak Mankomunitateko Uribe Kostan Euskaraz Blai estrategiako ekimenetarako eta harreman sozialetan euskararen erabilera sustatzen duten beste programa eta proiektu batzuetarako baliagarria da.
Diru-laguntza eskaerak Plentziako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, www.plentzia.eus helbidean, maiatzaren 30ean abiatu zen 30 egun naturaleko epean.
Aurten, udalerrian honako helburu hauekaz gauzatu diren proiektu eta jarduerek jaso dezakete diru-laguntzak: Mankomunitateko Euskara Zerbitzutik zuzendutako Uribe Kostan Euskaraz Blai estrategia berriaren barruan, eremu ez-formalean, kultura, lan- eta kirol-munduan, bai beste gizarte-sektore batzuetan ere, euskararen erabilera sustatzeko eta bultzatzeko Plentzian antolatutako eta gauzatutako ekimenak edo jarduera-programak; estrategia horretan sakontzeko balio duten ekimenak, ekitaldiak, programak edo bestelako proiektuak, herriko euskal komunitatea integratzeko, trinkotzeko eta indartzeko xedez; Uribe Kostan Euskaraz Blai estrategia zabaltzeko eta gizarteratzeko sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekimenak; eta, azkenik, gizarte-harremanetan euskararen erabilera sustatzeko eta bultzatzeko egiten diren beste zenbait programa eta proiektu, euskararen ondarea jasotzea, zaintzea eta berreskuratzea bilatzen dutenak, eta euskararen integraziorako eta hedapenerako antolatutako proiektuak.
Udaleko Euskara Sailak laguntza teknikoa eta aholkularitza emango die behar dutenei, edo behar beste kontsulta ebatziko ditu euskera2@uribekosta.eus helbide elektronikoaren eta 688 654 770 telefono-zenbakiaren bidez. Diru-laguntzen deialdi honi buruzko informazio guztia hemen dago eskuragarri: www.plentzia.eus.