Plentziak Lanbro Beltza topaketaren XI. edizioa hartuko du bihartik aurrera, eleberria eta genero beltza protagonista dituzten jardunaldiak, hain zuzen. Zapatura bitartean egingo dute Plentziako Udalak eta Calibre 38 aldizkari digitalak antolatutako topaketa Goñi Portalen; egingo dituzten jardueretan, Euskal Herriko zein Estatuko 30 egilek parte hartuko dute.
Ohikoa den legez, hainbat mahai-inguru antolatuko dituzte egun horietan, hala nola Emakume biktimak detektibe baino lehen, Genero beltzaren beste ikuspegi batzuk, Nobela beltza eta salaketa soziala eta Emakume inspektore berriak. Besteak beste, Jon Arretxe, Noelia Lorenzo Pino, Alvaro Arbina eta Mari Carmen Sintiren mailako idazleek hartuko dute parte horietan. Halaber, Paz Velasco de la Fuente kriminologoak Hiltzaileen kontakizuna gaiari buruzko bere ikuspegia ere emango du.
Horregaz batera, Lanbro Beltzak iraungo duen hiru egunetan, Txapel Noir izeneko ohiko mahai-inguruak ere izango dira. Bertan, parte-hartzaileek eleberriari eta genero beltzari buruz duten euren egungo ikuspegia partekatuko dute. Topaketa horietan, besteak beste, Juan Infante, Maite Ochotorena, Laura Balague eta Javier Diaz Carmona izango dira protagonistak.
Lanbro Beltza 2023 saria: Rosa Ribas
Zapatuan, ekainak 10, arratsaldeko 19:30ean, Lanbro Beltza 2023 Saria emango diote Rosa Ribas kataluniarrari. Literaturan egindako ibilbideari ematen zaion aintzatespen hori jasoko duen lehen emakumea izango da Ribas. Idazlea Hernandez Detective familiaren Nuestros muertos hirugarren atalagaz egongo da bertan. Filologia Hispanikoan lizentziaduna, Goethe Unibertsitatean gaztelerazko irakurlea eta Frankfurteko Cervantes Institutuko kolaboratzailea ere bada. Horrez gain, hainbat eleberri idatzi ditu: El pintor de Flandes, La detective miope, Miss Fifty, Pensión Leonardo edo La luna en las minas.
Kontakizun lehiaketa
Aurten, Nazioarteko Kontakizunen XI. Lanbro Beltza Lehiaketara ia 400 kontakizun aurkeztu direla jakinarazi dute antolatzaileek. Ekimen horren helburua da lehen eleberriak bideratzea eta idazle berriak sustatzea. Horretarako, oraingoan, lehiaketara aurkeztutako lanen gaiak narratiba beltza, poliziakoa eta intrigazkoa izan dira. Sari-banaketa ekainaren 10ean izango da, 20:30ean, eta horrek emango dio amaiera Lanbro Beltza 2023 topaketari.