Ikastaroak hilabete batekoak izango dira eta uztailan zein abuztuan egiteko aukera egongo da; gainera, gura dutenek errepikatzeko aukera ere izango dute. Ordutegiari dagokionez, eskolak astelehenetik barikura emango dituzte, jai egunetan izan ezik, eta umeak bi txandetan banatuko dituzte: goizean 09:00etatik 11:00etara eta 11:30etik 13:30era. Zehaztu dutenez, zuzendaritza taldeak esleituko ditu txandak.
kastarook euskaraz eskainiko dituztela baieztatu dute Arkoteko ordezkariek, "eskola eremutik kanpo euskara sustatzeko helburuarekin". Ziurtatu dutenez, bakarrik euskara ezagutzen ez dutenakaz erabiliko dute gaztelera.
Izen-ematea ekainaren 17a baino lehen egin beharko da, Arkote Arraun Taldearen webguneko esteka honetan. Arrauna itsasadarrean praktikatuko denez, antolatzaileek gomendatu dute umeek igeriketaren "oinarrizko ezagutzak izatea". Halaber, edozein udalerritako umeek izena eman dezaketen arren, Uribe Kostako bizilagunek lehentasuna izango dute, are gehiago, Mankomunitateko udalerrietan erroldatutakoek hilean 100 euroko kuota izango dute, eta gainontzekoek 150 euroko ordaindu beharko dituzte hilean.
Ikastaroetan izena emateko prozesuak bi fase izango dituela ere jakinarazi dute antolatzaileek. Lehenik, ekainaren 17ra arte aurre-inskripzioa egin beharko da, eta, horren ostean, ekainaren 18tik 25era bitartean, onartutakoek matrikula egin beharko dute. Epetik kanpo izena ematea ere posible izango da, baldin eta plaza librerik balegoke; horretarako, 636 805 266 telefono-zenbakira dei egin beharko da.