Urrian Usurbilen izango den Baterajotzera joateko deia egin dute Uribe Kostako Neska* Gazteek

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 13a, 12:51
© Uribe Kostako Neska* Gazteak

Aurreko barikuan, hilaren 9an, Uribe Kostako Neska* Gazteek Euskal Herri mailako Baterajotzera joateko deia egin zuten Plentzian. Azaldu zutenez, "Utopiak lehertzeraino!" lemapean, Euskal Herri osoko Neska* Gazteek antolatutako ekimena izango da hori, urriaren 13tik 15era bitartekoa, Usurbilen (Gipuzkoa).

Egunotan eskualdean egindako Udaberri Feminista ekimenari amaiera eman zioten barikuan, hilaren 9an, Plentzian. Bertan, Josune Aramendi eta Paule Loizaga bertsolariek lagunduta, bertso-poteoa egin zuten hiribilduko kaleetatik eta, ondoren, bertan batutako neska* gazteek urriaren 13tik 15era bitartean Usurbilen (Gipuzkoan) izango den Baterajotzera joateko deia egin zuten.

"Neska gazteok sistema hau iraultzeko antolatuta gaudela ozen esatera gatoz", aldarrikatu zuten apirilean Euskal Herriko Neska* Gazteek Usurbilen egin zuten agerraldian. Azaldu zutenez, urtearen akabuan egingo duten greba feminista orokorraren bidez "zaintza eskubidea izatea eta lan horren gaineko erabaki gaitasun kolektiboa edukitzea" aldarrikatu gura dute. Horretarako, auzoz auzo eta herriz herri greba hori antolatzen dabiltza, baina, bitartean, gazteek "antolaketa propio bat" dutela azpimarratu zuten. Hala, greba baino lehen Baterajotze berri bat egingo dutela iragarri zuten, Usurbilen, urriaren 13an, 14an eta 15ean, "Dugun potentzialtasuna artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko".

Duela bi urte Baterajotzea antolatu zuten Elizondon (Nafarroa), "Mugimenduan gaude, lurrikara gara" lemapean, eta, guztira, 600 lagun inguru bildu ziren bertan. Helburua izan zen feminismoaren burrunba eta dardara hedatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun