Etxerik gabeko txakurrei eta katuei ikusgarritasuna emateko eta euren adopzioa sustatzeko “Ez erosi arrazako maskota, adoptatu etxerik gabekoa” leloa duen ekimen solidarioa egingo dute zapatuan Plentzian. Jardunaldi solidarioa Ontziola plazan egingo dute 12:00etatik 20:00etara, eta irabazi asmorik gabeko Katu Bihotz Plentzia Elkarteak antolatu du, Quincocan Txakurren Zentroaren, Ulukaren eta Alfonen (Iretzagorri) laguntzagaz.
Ekitaldiak azoka solidarioa ere izango du, eta bertara doazen pertsonek mota desberdinetako produktuak erosi ahal izango dituzte, eta diru-bilketa etxerik gabeko maskotentzat, haien zaintzetara eta beharrizanetara zuzenduta egongo da. Era berean, maskotentzako elikagaiak eta tresnak ere batuko dituzte, kalteberatasun-egoeran dauden animaliei laguntzeko. Ekarpen guztiak gehien behar duten txakurrak eta katuak babesten eta zaintzen dituzten tokiko elkarteentzat bideratuko dituzte: ACMA, Buskar, Abadiñoko Kalekatuak, ASAAM, Katu Arima Gorliz, Katu Bihotz Plentzia, Urdulizko Katuen Lagunak, Katu Zarea, Gatitos de Sani eta BEKA, besteak beste.
Halaber, Katu Bihotz Plentzia Elkarteak parte hartze aktiboa izateko deia egiten die herritarrei, ekitaldia topaketa eta kontzientziazio gune izan dadin, bertaratzen diren pertsona guztiek animaliak ezagutu ditzaten eta maitasunez eta zaintzaz betetako etxea izateko aukera eman diezaieten.
“Norbaitek adoptatzeko zain dauden txakurrei eta katuei ikusgarritasuna eman nahi diegu, maskota bat adoptatzea baita familia zabaltzeko aukerarik onena. Maskotak hartzea erantzukizun partekatua da, eta beharra duen animalia baten bizitzan desberdintasun bat markatzeko modu esanguratsua”, adierazi dute elkarteko arduradunek.
“Ez erosi arrazako maskota, adoptatu etxerik gabekoa” jardunaldi solidarioan parte hartzen dutenek food track-ez eta tokiko janariaz ere gozatu ahal izango dute. Informazio gehiago gura izanez gero, jarri harremanetan Katu Bihotz Plentzia elkarteagaz katubihotzplentzia@gmail.com helbidean.