Eguerdiko 12:00etan ekitaldia egin zuten Zubi Zuriaren parean eta, bertan, euskal preso, deportatu eta iheslariei eta euren senideei maitasuna erakutsi zieten bertaratutako milaka lagunek; "espetxe politika eta murriztailea eta zigortzailearekin behingoz akabatzea" exijitu zuten. Horrez gain, senideek 20 urtetik gorako espetxealdia eta urrutasuna baldintzarik txarrenetan pasatzen dutela salatu zuten. "Horrela, euskal presoak etxean egon arte antolatuta eta borrokan jarraituko dugula argi eta garbi adierazi dugu".
Itsas Martxaren hamargarren edizioan, antolatzaileek zehaztu dutenez, 200 padel eta txalupa baino gehiagok eta hainbat itsasontzik parte hartu zuten, itsasadarrean gora eginez, euskal presoen sakabanaketa amaitu den arren, gradu erregresioak itzultzen ari direla salatzeko. Lurretik ere, pasealekuan milaka lagunek martxa egin zuten aldarrikapen bera eginez, Ines Osinagak eta La Basuk protesta girotu zuten bitartean.
Sorpresaz beteriko ekimena izan zen zapatukoa; udaletxearen atarian, aizkolari batek egur zati bat moztu eta ukabila baten itxura eman zion, gerora parte-hartzaileen artean zozkatu zutena. Horrez gain, portuan, Uribe Kostako 12 presoei omenaldia egin zieten, solidario-jantziak soinean eta zanpantzarrak zaindari.
Martxaren ondoren, 400 pertsonentzako herri-bazkaria egin zuten eta, azkenburukoak "gozoago" egiteko, Andoni Ollokiegik kontzertua eskaini zuen; ondoren, arrastian, Orkestra elektrotxarangak Plentziako kaleak alaitu zituen iluntzean Skabidean taldearen kontzertuari jarraipena emanez. Azkenik, Urbi selektah dj-ak dancehall doinuak jarri zituen.