Gutunaren lehen lerroetan adierazi diotenez, "azken udetan posta-zerbitzuaren murrizketarekin gertatzen ari den arazoaren berri emateko eta etorkizunean egoera hori zuzentzeko beharrezko neurriak har ditzazuen eskatzeko", idatzi dute hori.
Bertan azaldu dutenez, uztailaren 24tik irailaren 1era "udako ordutegia" ezarri arren, Plentziako bulegoan erabat itxita egon da, eta informazio-kartelean bezeroak Gorlizko bulegora bidaltzen zituzten. "Ez da benetan udako ordutegi murrizturik ezartzen, gure udalerrian posta-zerbitzua zuzenean eteten da", deitoratu dute gutunean.
Horren ondorioz herritarrei eragiten zaizkien eragozpenen artean, Udaleko arduradunek joan-etorriak, udaldia izanik ematen diren aparkatzeko arazoak eta "30 minutuko" ilarak gaitzetsi dituzte, besteak beste. Gaineratu dutenez, "Plentzian 4.400 bizilagun daude erroldatuta, eta biztanleria hirukoiztu egin da udan. Gorlizen antzeko hazkundea gertatzen da".
Hori horrela, eta kontutan hartuta Gorlizko bulegoak betiko langile kopuruagaz jarraitzen duela, eta bi udalerrietako bizilagunei eta udako biztanleriari zerbitzua gehigarria eman behar zaiela, neurriak hartzeko eskatu diote Serrano jaunari.