Horrela, ekitaldi honen oholtza bihurtuko da Plentzia irailaren 30ean, hurrengo asteko zapatuan. Bertan, ehunka sup profesional eta amateur bilduko dira kirola eta gizarteratzea sustatzeko helburuagaz, eta, hala, jai-izaera eta elkartearen gizarte-misioa elkartzen dituen jarduera bat egingo dute.
Ekitaldia 13:30etik aurrera hasiko da izen-emateakaz, eta hainbat jarduera izango ditu, hala nola sup yoga, sup egokituaren zeharkaldia, kontzertuak, etab. Ekintzak gaueko 21:00etako kontzertura arte luzatuko dira. Ildo horretan, publiko guztiak gozatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte: distantzia luzeko lasterketa bat Pro, Pro Junior, Popular kategorietarako, eta zeharkaldi herrikoi bat; esprinta, jokoak, yoga eskolak eta federatu zein herri-kategoriei sariak emateko finala ere.
Irailak 24, domeka
- 13:30-15:00 Dortsal bilketa eta izen-ematea (taula behar baduzu, aurretik email bidez)
- 14:30-15:30 SupYoga
- 15:30 Briefing Pro eta Sub18
- 16:00 Bizkaiko txapelketa: Lasterketa Pro (12 Km) eta Sub18 (8 Km)
- 16:15 Briefing Sub12
- 16:30 Lasterketa Sub12
- 17:30 Briefing Herri lasterketa, Sup egokitua eta Sub16
- 18:00 Herri Lasterketa (5 Km) eta Sub16 (5 km)
- 18:10 Lasterketa SUP egokitua (3 Km)
- 19:30 Yoga
- 20:00 Kontzertua
- 20:30 Sari banaketa
- 21:00 Kontzertua
Goazen UP
Goazen Up elkartea da Goazen Sup Race antolatzearen arduraduna. Irabazi asmorik gabeko kirol elkartea da, sup-a eta yoga konbinatzen dituena ongizate fisiko eta emozionala hobetzeko helburuagaz. Zehazki, errehabilitaziorako eta hobekuntza fisiko-emozionalerako metodo berritzaile bat garatu gura dute sup-a eta yoga inguru natural batean garatuz.
Pertsona guztiek praktika hori egin ahal izan dezaten, Goazen Up-ek mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako materiala du, mugimendu psikomotorrari eragiten dioten lesioak dituzten lagunentzat, hala nola oholei egokitutako gurpil-aulkiak eta arazo bakoitzari egokitutako arraunak, oztopo arkitektonikorik gabeko instalazioak eta uretarako sarbide zuzenak Goazen Up-en egoitzatik bertatik.
Elkarteak hiru helburu argi nabarmentzen ditu: hobekuntza fisikoa eta emozionala paddle sup eta yoga praktikatuz; horren garapena uretan, giro garbi eta osasungarrian; eta ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienagaz gauzatzea, elikadura osasuntsu eta orekatuagaz konbinatuz.
Informazio guztia elkartearen webgunean kontsulta daiteke.