Metro-geltokia, zubia eta BI-2122 errepidearen arteko Txipioko bidegurutzea egokitzeko, Udalak aurkeztu duen proiektuan egungo aparkalekua hedatu, inguru horretako urbanizazioa eta autobus-geralekuak doitu eta Txipio auzora sarbidea hobetu gura du. Halaber, neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko, hainbat harrapaketa eta autoen arteko istripuak pilatzen dituen puntu horretako segurtasuna hobetzeko ikerketa ere egingo dute.
Udalak proposatutako egitasmoa Plentziako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualean sartutako trazaduran oinarritzen da. Oro har, egitasmoak aurreikusten du 85 plaza inguru izango dituen disuasioko aparkalekua metro-geltoki ondora mugitzea eta 14 metroko diametroa duen biribilgune bat eraikitzea gaur egungo bidegurutzea baino lehen.
Horregaz batera, Txipio auzoko sarbidea ere hobetu gura dute, eta zuzenean biribilgunetik sartu eta aterako litzateke, errugbi zelaia eta aparkaleku berriaren artean. Halaber, autobus geltokiak zubiaren eta biribilgune berriaren arteak kokatu gura dituzte, BI-2122 errepidearen aldamenetan, autobusak metro-geltoki ondora sartu behar ez izateko.
Behin egitasmoari eta ingurumen inpaktuaren azterketari buruzko informazioa BAOn argitaratuta, administrazio publikoek eta pertsona interesdunek horren inguruan egokitzat jotzen dituzten alegazio eta oharrak aurkez ditzakete. Horretarako, irailaren 27an hasi zen 30 egun balioduneko epea izango dute.