"Gure amarengandik etorri zitzaigun ideia, tomatea eta pipermin kamustuagaz egiten zigun hegaluze tomatedunetik, hain zuzen", kontatu du Juanmak. Hortik abiatuta, berak eta Alex bere anaiak Euskal Herriko pintxo txapelketara aurkeztu zuten "Amatxu" izeneko pintxoak honako osagai hauek daramatzala zehaztu du sukaldariak: "hegaluze-buñuelo bat tomateagaz, piperrada bategaz eta pipermin eta ozpin maionesa".
Sukaldariak adierazi duenez, pintxo horregaz beraien amari omenaldia ere egin gura izan diote, berak prestatutako hegaluzea tomatearekin errezetaren zapore tradizional hori miniatura bihurtuta aurkeztu gura izan dutelako.
Ez da Diaz anaien sorkuntzak sarituak diren lehen aldia; izan ere, 2021ean, "Humo de almadraba" pintxoagaz tapa onenaren Estatu Espainoleko Sari Nazionala irabazi zuten, eta beste hainbat aitorpen jaso dituzte azken urteotan.
Juanmak kontatu duenez, horrelako lehiaketetara aurkezteko pintxoen sortze-prozesua ez da gauza erraza, "epaileek batez ere zaporea balioesten dute, baina baita egingarritasuna eta teknika ere".
Sukaldariak kontatu du saria jaso ostean jendeak hori eskatzen diela, eta horrelako sariak jasotzeak izena eta ospea ematen dietela bai sukaldariari, baita jatetxeari ere, "beraz, denontzako albiste ona da". Iragarri du horrelako lehiaketetara aurkezten jarraitzeko asmoa dutela: "Zuk bilatzen duzuna pintxo batean lortzea lan nekeza da, baina horretan lanean jarraituko dugu".
Ver esta publicación en Instagram