Europako zientzialariek euskal kostaldeko ekosistemak aztertu dituzte EHUgaz lankidetzan

Ander Zarraga 2023ko aza. 10a, 14:18

TREC espedizioko Tara itsasontzi zientifikoa gure kostaldean egon zen irailean eta urrian, itsasoko laginak hartzen. © EHU

Irailaren 13tik urriaren 18ra bitartean, TREC espedizioa Plentzian eta Bilbon izan zen euskal kostaldeko hainbat gunetako laginak hartzen. Espedizio zientifiko horrek 22 herrialde bisitatuko ditu hurrengo urtera bitartean, 120 laginketa egiteko, baina horien artean zortzi toki bakarrik hautatu dituzte laginketa intentsiboko eta dibulgazio zientifikoko gune gisa, eta horietako bat izan da Plentzia.

Espedizioaren inguruan hainbat xehetasun azalduko ditu Ibon Cancio Plentziako Itsas Estazioko ikerlariak eta Biologia doktoreak, hurrengo eguaztenean, hilak 15, 19:00etan, Goñi Portalen emango duen Itsas biodibertsitatea: TREC espedizioak bisitatu gaitu izena daraman berbaldian. Bera harreman zuzenean egon da espedizioan parte hartzen duten zientzialariakaz, horiei harrera eginez, beraiekaz laginak hartzen eta ekarri duten puntako ekipoa erabiltzen ere.

Cancio TREC edo Traversing European Coastlines (Europako kostaldeetan barrena) espedizioaren garrantzia azpimarratu du, bai bere helburuengatik, bai aitzindaria delako baita horretarako erabiltzen ari diren baliabideengatik ere. Laburbildu duenez, horren helburua da lurra eta itsasoa elkartzen diren eremuak aztertzea, eta, horretarako, besteak beste, uraren, sedimentuen, lurraren eta atmosferaren hainbat lagin hartzen dituzte protokolo oso zehatzak jarraituz. "Ideia da Europako kostaldeetako bioaniztasun mikrobiarraren lehen errolda egitea, birusetatik hasita organismo eukariotikoetara, itsasoaren, atmosferaren eta lurraren artean ematen diren elkartrukeak hobeto ezagutzeko", zehaztu du ikerlariak.

Aurretik, itsasoan antzeko espedizioak egin diren arren, punta-puntako metodologiak erabiltzen dituen TREC espedizioak Europako kostaldean dagoen biodibertsitatearen aurrekaririk gabeko informazioa lortuko duela ere nabarmendu du.

"Plentziako badian, Gorlizko ospitalea dago, eta gu oso arduratuta gaude bertan erabiltzen diren farmakoen eraginez antibiotikoekiko erresistentzia genetikoa garatu duten bakterioengatik. Erresistentzia hori itsasoan bizi diren bakterioei pasatuko zaie uneren batean, eta zer gertatuko da orduan? Horrelako kontuei erantzuten saiatzeko bidean jarri ahal izango gara proiektu honen bitartez", azaldu du biologoak. 

Laborategi mugikorra

Espedizioa EMBL edo Europako Biologia Molekularreko Laborategiak koordinatzen du, Tara Ocean Fundationen parte-hartzeagaz eta eta Plentziako Itsas Estazioa kide duen EMBRC-ERIC Europako ikerketa-azpiegituragaz lankidetzan. Canciok azaldu duenez, EMBLko zientzialari batek Kimikako Nobel Saria jaso zuen 2017an, mikroskopio elektronikoan izoztutako laginak aztertzeko metodologia garatu zuelako, eta PIEko zientzialariek hori erabiltzeko aukera ere izan dute, besteak beste.

Gainera, lehen aldia da 50 urtetan EMBLk bere laborategiak zuzenean laginketa-eremuetara ateratzen dituela, PIE bezalako itsas ikerketako azpiegituren laguntzagaz. Horretarako, arestian aipatutako punta-puntako teknologia hori zeraman laborategi-mugikorra kamioi batean garraiatzen ari dira. Horri esker, espedizioko langileek PIE laginak prozesatzeko zentro bezala erabiltzen zuten bitartean, estazioko ikerlariek teknologia hori baliatu zezaketen beraien azterlanetarako. "Zientzia harremanetan oinarritzen da, elkartrukeak oso garrantzitsuak dira gauzak gertatzeko", adierazi du biologoak.


TREC espedizioko laborategi mugikorra PIEren ondoan egon zen espedizioak gurean egin zuen egonaldian. © EHU

Horrez gain, ikerlariak nabarmendu du Tara Ocean Fundation itsasontziak izugarrizko garrantzia duela itsasoen ikerketan. Biologian doktorek adierazi duenez, "Horren inguruan berba egitea espazioaren inguruan NASAri buruz berba egitearen parekoa da; are gehiago, biek elkarlana egiten dute, beste kontu batzuen artean, NASAko sateliteek itsasoa neurtzeko erabiltzen dituzten hainbat aparatu itsasontzi horrek kalibratzen dituelako". 

Bai kamioi zientifikoa baita itsasontzia ere publikoari zabalik egon ziren Plentzian eta Bilbon egin zuten egonaldian, eta denbora horretan publikoaren erantzuna oso ona izan zela ere azpimarratu du Canciok: "Jardunaldi eta ekintza ezberdinetan, eskoletatik 670 ikasle etorri ziren, 550 pertsonak bisitatu zuten Tara itsasontzia eta egin genituen hitzaldietan 350 pertsona baino gehiago izan genituen".

Espedizioa apirilean Roscoff (Frantzia) herritik abiatu zen eta Europa iparraldea, Itsaso Baltikoa, Eskandinavia eta Britainia Handitik lanean aritu ostean, irailaren 13an gurera heldu zen. Emetik Oportora (Portugal) joan zen eta une honetan Cadizen (Espainia) dago, denboraldiko azken laginketak egiten. 2024ko martxotik ekainera bitartean espedizioak lanean jarraituko du Mediterraneo Itsasoko kostaldetik, Grezian bidaia bukatu arte. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun