Garbiketa-saio hau, Ekogunek Uribe Kostako eskoletan, Ander Deuna Ikastolan, Zipiriñe eskolan, Berango Meranan, Elortza ikastetxean, Gorlizko ikastetxean, Plentziako ikastetxean eta Lemoizko ikastetxean egiten ari den Birzi taldea kontzientziazio-kanpainari amaiera emateko balioko duen ekimena da. Arduradunek azaldu dutenez, Domekako jarduera eskualdeko zazpi eskola horietako familiei eta bere aletxoa jarri gura duten Uribe Kostako gainerako bizilagunei zuzenduta dago.
Iragarri dutenez, ekitaldia amaitzen dutenean, hondakin poltsa guztiak udaletxeko plazan jarriko dituzte gai birziklagarrietan banatzeko, "jendeak ikus dezan eta kontzientzia har dezan, zein garrantzitsua den ondo sailkatzea eta birziklatzea".
Era berean, parte hartzaileen artean zozketa bat ere egingo dute: produktu jasangarriakaz osatutako bi saski, kargadore solarrak, banbuagaz egindako bozgoragailuak, bUKatarrolak (ogitartekoak), etab. Parte hartzaile guztiek opariak ere jasoko dituztela agindu dute antolatzaileek.
Bukatzeko, antolatzaileek azpimarratu dute hondakinen garbiketa jarduera hau, kontzientziazio kanpaina bat dela, herritarrak konturatu daitezen zenbat hondakinek bukatzen duten kaleetan, hortik erreketara doazenak eta ondorioz itsasoetara.
Birzi taldea
Birzi, hondakinen superheroiez osatutako taldea da: organikoa, papera, beira eta ontzia edukiontzien pertsonaiak, hain zuzen. Birziklapena sustatzeko helburuagaz, Birzi taldea, azaroaren 15, 16, 20 eta 21ean eskualdeko zazpi eskoletara aritu da LH 1, 2, 3 eta 4. mailako ikasleak bisitatu, komikiak banatu eta birziklatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko helburuagaz.