Plentziako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak, Plentziako Udalaren, Bizkai Dendak-en eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, Plentzi&Shop Gabonetan 2023 ekimena aktibatu du Plentziako merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko. Aurtengoa laugarren edizioa izango da, aurrekoen arrakasta dela eta.
Kanpainaren metodologia Plentziako Merkatarien Elkarteak diseinatu du Plentziako Udalagaz batera. Ekimen horretarako, 25.000 harraskatu eta irabazi moduko tiket jarriko ditu zirkulazioan kanpainagaz bat egin duten negozioetan. Tiket horiek erosketa bat egiterakoan emango dira, atxikitako dendetan 20 euroko opari-txartelak kontsumitzeko, eta 900 eurorainoko sariak dituen zozketa batean parte hartzeko aukera ere emango dute.
Saritutako kupoiak erabiltzeko epea abenduaren 2tik 31ra bitartekoa izango dela ere zehaztu dute. Gainera, saritu gabeko kupoiek sari bat irabazteko aukera izango dute 2024ko urtarrilaren 5ean egingo duten zozketan. Horretarako, kupoia, atzeko aldeagaz beteta, Plentziako turismo bulegoko kutxan sartu beharko dute.
Oinarriei eta atxikitako saltokien zerrendari buruzko informazio guztia eta saritutako harraskatu eta irabazi trukatzeko gunea, kanpainarako sortu duten webgune honetan dago eskuragarri.
Edizio honetan, hiribilduko 26 saltokik parte hartuko dute eta horren dinamizazio estrategiarako kit bat ere jasoko dute. Kit hori erakusleihoan jartzeko alfonbra gorri-more batez, kanpainaren irudia duen kartel batez eta zenbakidun harraskatu eta irabazi tiket sorta batez osaturik dago.
"Gure helburua herriko saltokiei, ostalaritzari eta zerbitzu-enpresei laguntzea da, eta herritarrak bertoko kontsumoaren garrantziaz kontzientziatzea. Izan ere, denda horiek gure kaleak biziarazten dituzte, gertuko tratu pertsonala eskaintzen dute, enplegua sortzen dute eta udalerriko ekonomia hobetzen dute", adierazi du Aitor Garagarza Cambra plentziako alkateak.