Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4.1.a artikuluak udalerriei ematen die eskumenaren baitan, Plentziako Udalak lokal publiko "duin eta egokia" ezarri gura du hileta edo omenaldi zibilak egin ahal izateko. Horren erabilera arautuko duen udal-ordenantza egiteko asmoagaz, "arau berriak ukituko dituen pertsona eta antolakunde esanguratsuenen iritzia" bildu gura dutela iragarri dute udaleko iturriek.
Besteak beste, ekimenaren bidez konpondu gura diren arazoak, ordenantza hori onartzeko beharra eta egokitasuna, arauaren helburua eta egon daitezkeen bestelako konponbideen inguruan herritarrek duten ustea jaso gura du Udalak. Ekarpenak edozein herritarrek, elkartek edo erakundek egin ditzake urtarrilaren 12ra arte, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. Artikuluan zehazten diren lekuetariko batean.