Legeak trafikoari eta zirkulazioari buruz emandako eskumenari esker, Plentziako Udalak bide publikoan ibilgailuak aparkatzeari buruzko ordenantza arautzailea egiteko asmoa azaldu du. Hala ere, ezer baino lehen herritarren parte-hartzea sustatu gura dute, arazo horren inguruan duten iritzia ezagutzeko, eta araua onartzea beharrezkoa edo egokia ote den jakiteko.
Udal-iturriek azaldu dutenez, ekimen horren bitartez, bereziki, uda garaian egoiliarrek dituzten aparkatzeko arazoak konpondu gura dituzte. "Batzuetan, Gorlizko TAO saihestu nahi duten ez-egoiliarrek eta udalerrira datozen turistek hartzen dituzte aparkaleku horiek, eta Plentzian erroldatutakoak kaltetuta ateratzen dira", azaldu dute.
Hala, azaldu dute gura duten herritarrek, erakundeek, merkataritza-entitateek eta elkarteek gaiaren inguruan duten iritzia helarazi ahal diotela Udalari, abenduaren 26an hasitako 15 egun balioduneko epean. Zehaztu dutenez, iritziak Udalari helarazteko, erabil daiteke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatutako edozein leku. Era berean, etorkizunean, urriaren 26an Goñi Portalen egindako bilera bezalako bestelako foro batzuk ere bideratu litezkeela aurreratu dute.