Diotenez, proposamenek "konpromiso sakona" erakusten dute jasangarritasunagaz, berdintasunagaz eta herritarren parte-hartze aktiboagaz, eta hori "ahalik eta gardenenak eta errealistena" izaten ahalegindu direla ere adierazi dute.
Gobernu-planaren aurkezpena urtarrilaren 31n egingo dute Goñi Portalen, 18:30ean. Era berean, proiektuen berri ematen duen liburuxka etxeetan banatuko dute eta udal-webgunean ere dago eskuragarri.
Liburuxka horretan, gobernu-taldeak 80 neurri inguru azaltzen ditu, hirigintza, kultura, kirola, udalerriaren bizigarritasuna, ekonomia edo ingurumena bezalako arloen inguruan. Hauek dira, besteak beste, Udalak azaldu dituen egitasmoetako batzuk: Arpillaoko lokalak eta aparkalekua behin behinean irekitzea, merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko neurriak, hiribilduko HAPO garatzea, metro-geltokiaren inguruaren urbanizatzea, itsasadarreko pasealekua konpontzea eta bidegorri bat eskatzea Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari, Aranzadik herriko memoria historikoa azter dezan hitzarmena sinatzea eta euskara sustatzeko neurriak.