#0KM - Berton bertokoa

Almudena Echevarria: "Amets bat da jaten ematen didana eta gozamena uztartu ahal izatea, perfektua da"

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 24a, 12:33

Ohiko zapata-denda bat baino gehiago da Makuto, mota horretako establezimenduetan topa daitezkeen produktuez gainera –oinetakoak, motxilak, galtzerdiak...–, askotariko artelanak ikusgai, eta salgai, baitaude bertan. "Niretzat, pertsonalki, amets moduko bat da bi gauzak partekatu ahal izatea: denda eta nire pasioa den pintura", aitortzen du Almudena Echevarriak, Makuto dendaren ugazabak.

Plentziako Erribera kalean, Makuto dendaren erakusleihotik begiratu eta, zapatak, botak, poltsak eta beste hainbat produkturen artean, askotariko arrainez egindako lamina koloretsuak ikus daitezke hormetan eskegita. "Japoniako gyotaku teknika erabilita egiten ditut pintura horiek, eta duela 10 bat urte hasi nintzen horiek egiten", dio Almudena Echevarriak. Zapata-dendaren logo bera ere teknika horren bitartez egin zuen, urraburu bat baliatuta. Irudi hori beste hainbat produktutan ere topa daiteke lokalaren barruan, hala nola amantaletan, kamisetetan eta jertseetan. "Urdulizko enpresa batean serigrafiatzen ditut, eta asko gustatzen zait, zerbait berezia delako, bakarra, eta arrakasta nahikoa dute hemen". Laminei dagokienez, aldiz, bakoitza ezberdina da, arrain-mota bakoitzeko bana. "Bakoitza berezia da; ez dira serigrafiak, bakoitzeko bana egiten dut bakarrik", azaltzen du.

Zapata-dendan askotariko markak aurki daitezke, kalitate handikoak denak. Izan ere, Echevarria eskarmentu handikoa da mundu horretan, orain dela 30 urte halako establezimendu bat zabaldu baitzuen lagun batzuekaz Areetan; ondoren, duela bi hamarkada, berea propioa ireki zuen Sopelan eta orain, duela lau bat urte, Makuto Plentzian. "Pandemia bete-betean ireki nuen denda hau Plentzian, baina ondoko lokal batean, txikiagoa zena. Orain, honetara lekualdatu nintzen abenduan, handiagoa zelako eta gauza gehiago eskaintzea ahalbidetzen didalako".

Dioenez, udako turistei erreparatzeaz gainera, tokiko bezeroei begirako denda bat izatea gustatuko litzaioke, batzuetan zaila izan arren. Izan ere, deitoratzen duenez, askok merkatalgune handietara jo ohi dute erosketak egitera, baina, "zorionez", tokian kontsumitzeko ohitura dutenak ere badaude, eta horiei zuzentzen zaie Makuto. Horretarako, jendeak asko eskertzen dituen produktuak eskaintzen ditu, kalitatezkoak eta frankizietatik kanpokoak. "Bezeroek asko erreparatzen diote horri, leku denetan dauden gauzak beharrean, ezberdinak daudelako hemen". Azaltzen du ez duela marka zehatz bategaz lan egiten, eta askotarikoak dituela, ezagunak eta ez horren ezagunak, "baina inork diru-kantitate asko gastatu behar ez izatekoak produktu ona izateko".

Dena dela, aitortzen du gustatuko litzaiokeela dena denboraldiaren arabera saltzea, eta ez bereziki beherapenetan, "halakoetan irabazteko marjina txikiagoa delako". Hala, neguan, galtzerdiak eta eurirako kapelak saltzen ditu gehien, eta udan, kapazuak, txapelak eta pareoak. "Denboraldiaren arabera, denda modu batera edo bestera antolatzen dut, gainera". Udaldian, gainera, Mozambike inguruko telez egindako kapazu artisauak saltzen ditu, kolorez beterikoak, Menorcako denda bategaz elkarlanean.

Horrez guztiaz gainera, besteak beste, umeentzako margo berezi eta pertsonalizatuak ere egiten ditu, enkarguz: "Pintatzea da niri gehien gustatzen zaidana, betidanik egin dudana da, eta, hemen ere halakoak egiteko aukera dudanez, horiek ere eskaintzen ditut, oleoz egindakoak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun