Plentziako parkeen sarea diseinatu eta udal-ekipamendua berrantolatzeko prozesu parte-hartzailea abiatu dute

Ander Zarraga 2024ko urt. 29a, 17:21

Plentziako Jai-Alai pilotalekua. © GOOGLE

Plentziako Udalak herriko udal-ekipamenduen eta parke-sarearen berrantolaketa egiteko prozesua abiatu du, herritarrakaz batera egingo duten egitasmo parte-hartzaile baten bitartez. Aitor Garagarza alkateak azaldu duenez, prozesu biak "ikusi ditugun beharrei irtenbide kolektibo bat ematetik jaiotzen dira".

Garagarzak azpimarratu duenez, egitasmo horiek epe luzeko ikuspegiagaz planteatu dituzte, horregatik azaleratzen diren emaitzak HAPOan ere islatuko dituzte. "HAPO laster martxan jarriko dugu, lizitatzea falta da, baina asmoa da herritarrekin eta daukagun elkarte-sarearekin batera bide-orri bat markatzea, eta, hasteko, parkeen-sarea diseinatu eta udal-ekipamenduen erabilera kultur eta kirol-taldeen beharretara egokitu nahi dugu".

Kasurako Garagarzak Arpillaoko lokalak edo Jai Alai frontoia aipatu ditu, "horietan gabezi batzuk daude, eta, hauteskundeetan esan genuen bezala, uste dugu momentu ona dela ditugun udal-ekipamenduak berrantolatzeko eta horien etorkizuna modu kolektiboan erabakitzeko".

Zentzu horretan, Udalaren jabetzakoak diren eraikinen aukerak edo beharrak identifikatzeko galdetegi bat egiten ari dira; izan ere, azaldu duenez, herritarrak eta elkarteak dira horien erabiltzaileak eta beraiek dakizkite zeintzuk diren herrian dauden beharrak eta gabeziak. Galdetegia otsailaren 9ra arte egin ahalko dira, bai online lotura honen bitartez baita Goñi Portalen, jubilatuen etxean edo udaletxean ere. Horrez gain, elkarrizketak ere ari dira egiten herriko talde ezberdinakaz, eta etorkizunean herritar guztientzako bilera irekiak egitea ere aurreikusi dute.

Parkeen-sarea

Plentziako eremu publikoei dagokienez, alkateak adierazi du herritarrek hainbat kexa helarazi dizkietela parkeen egoeraren inguruan edo parekidetasun-irizpideak betetzen ez dituztelako. Hori dela eta, gune horiek aztertu eta birdiseinatzeko beste prozesu parte-hartzaile bat abiatu dute, herritar boluntarioek osatutako talde eragile baten bitartez egituratuko dena. 

Hasteko, herriko aisialdiko eremu publikoen inguruko diagnosia egingo dute, horiek sare bezala hartuta eta hobekuntza zehaztuko dituzte galdetegien eta bilera irekien bitartez. Prozesuak bi fase izango ditu, batetik, analisia eta diagnosia, eta, bestetik, apirilean abiatuko duten sarearen diseinua. 

Oro har, egitasmoaren helburuetako bat partaidetzaren inguruko esperientzia positiboak ere sortzea da, herritarrengan kultura hori indartzeko, horregatik herritarren parte-hartzea sustatzeko formatu eta konpromiso maila ezberdinak proposatuko dituzte. Izan ere, Garagarzak aurreratu duenez, "prozesu parte-hartzaileak agintaldiaren zehar-lerroetako bat izango dira, eta zinegotzi bat ere dugu zeregin horretarako. Zaintza-sistemaren inguruan ere beste prozesu bat egin nahi dugu, auzoetara ere joan nahi dugu eta HAPOan jendearen ekarpenak egotea bermatu nahi ditugu".

Alkateak gaineratu duenez, Hiritik At eta Tipi enpresak kontratatu dituzte, udal-ekipamenduetarako eta parkeen sarerako, hurrenez hurren, "eskarmentua dutelako horrelako prozesuak bideratzen, bai arkitektura aldetik, bai ekonomia sozial eraldatzailearen parte direlako, baita prozesu parte-hartzaileak aurrera eramaten dituztelako ere". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun