"Txetxu" Laraudogoitiaren omenezko batela aurkeztuko dute zapatuan Plentzian

Ander Zarraga 2024ko ots. 2a, 09:03

Jose Maria "Txetxu" Laraudogoitia Garay omenduko dute Arkote Arraun Taldeko kideek. © GORKA LARAUDOGOITIA

Arkote Arraun Taldeak Jose Maria Txetxu Laraudogoitia Garay elkarteko sortzaileetako baten izena eramango duen batela aurkeztuko du bihar, otsailak 3, 12:00etan, klubaren atarian. Laraudogoitia 2022ko otsailean hil zen, eta arraun-taldeko kideek omenaldi hori egin gura izan diote, 60 urte baino gehiagoz, zendu arte, Arkoteren alde egindako lanagatik.

Arkotekoek adierazi dutenez, Laraudogoitiak beti defendatu ditu taldeko koloreak, "garai kaskar zein oparoetan". Taldea sortzeko inplikatu zenetik, beti mantendu izan du harreman oso estua klubagaz, "eta urteek aurrera egin ahala gertutasun eta interes handia izaten jarraitu du". Gogoan izan dutenez, beti laguntzeko prest, estropadetarako bere ontzia ere eskaintzen zuen, eta 2019an Arkoteko historia atala idazten hasi zen taldearen webgunean, "hark beste inork baino hobeto ezagutzen zituelako elkarte honen sorreraren nondik norakoak".

Arkotekoek azpimarratu dutenez, "Txetxu arkotezale porrokatua zen" eta "estropadak arreta eta zirrara handiz" jarraitzen zituen. Hori dela eta, 2022an Bilbon jokatutako KAE1 ligako azken estropadan, arraunlariek Bilboko Uriko 44. Bandera eskuratu zuten eta Laraudogoitiari eskaini zioten, "Arkoteko sortzaile, presidente ohi eta zale amorratuari".  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun