Plentziako Udalak eta Elhuyarrek Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoa egin dute herriko dendetan emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutzera emateko. Egitasmo honegaz, otsailaren 11 egin den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunagaz bat egin du herriak. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Egitasmo horretan parte hartu duten establezimenduek emakume zientzialari bati eskaini diote erakusleihoa. Halaber, zientzialarigaz lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak ere jarri dituzte dendetan, eta haren ikerketan inspiratuta apaindu dute dendako erakusleihoa. Horrenbestez, egunotan emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile dira dendariak, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten. Hauek dira ekimenean parte hartu duten establezimenduak: Farmacia Enrique Aramburu, Merceria Leonene, Marta denda eta Saltoki gehiago.
Erakusketa
Horregaz batera, Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoan ikusgai dauden irudietan oinarrituta, Plentziako udaltxeako arkupean jarri dute Emakumeak zientzialari eta teknologo erakusketa.
Ekimen hau Bizilabe Gazteentzako Zientzia-bizipen labean sortu zuen Elhuyarrek duela lau urte; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Iaz bezala, Plentziagaz batera, Euskal Herri osoko 12 herritan daude ekimenagaz bat egin duten 300 saltokiak, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Beasain, Bilbo, Deba, Elgoibar, Gueñes, Ibarra, Laudio, Ordizia, Plentzia eta Zarautzen, hain zuzen.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzeko, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Era berean, emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak ikusgai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.
Zientzialari omenduak
Aurtengo edizioan Otsailaren 11 erakusleihoak ekimenean omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira:
- Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa
- Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-kazetaria
- Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa
- Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta
- Kirolaren Zientzietako ikertzailea.
- Ana Teresa Diego (Bahía Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomia-ikaslea eta ekintzaile komunista.
- Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea.
- Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetikaria eta enbriologoa.
- Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehungintza Arteko Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria.
- Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria.
- Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
- Gro Harlem Brundtland (Bærum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
- Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria.