1925eko azaroaren 22an jaio zen SD Plentzia futbol taldea, Juan Gardoki Mandaluniz lehen presidentearen gidaritzapean. Ordutik, taldeak ibilbide luzea egin du txapelketa ezberdinetan lehiatzen, eta bidetik izena ere aldatu badu ere, gaur egun, jatorrizko Sociedad Deportiva Plentzia izaten jarraitzen du. Besteak beste, 100 urteko ibilbide horretan, 1969. urtean hain zuzen ere, Plentzia eta inguruko udalerrietako emakume talde batek Bizkaiko lehen futbol taldea ere osatu zuten.
Ibilbide hori ospatzeko, hainbat taldekide eta zale egitarau oparoa prestatzen ari dira 2025erako, eta horregaz hasteko, laguntza eskatu diete herritarrei Plentzia Kirol Taldearen parte izan ziren kirol-talde guztien historia batzen duen dokumentazio grafikoa biltzeko.
"Gure klubarekin edo Plentziako futbol-praktikarekin lotutako argazkiak gorde ditzakeen norbait ezagutzen baduzu edo zuk zeuk badauzkazu, eskertuko genizuke material hori Plasentia de Butron Museoko helbide elektronikora bidaltzea, contacto@museoplentzia.org helbidera", adierazi dute ekimena prestatzen ari diren herritarrek.
Irudi horien osotasuna eta jabetza mantentzeko, horiek zuzenean museoan eskaneatu daitezkeela ere azaldu dute, bertan behar bezala artxibatu eta izendatzeko, udalerriaren eta eskualdearen memoriaren zati handi bat berreskuratzeko aukera emango duen egitasmoa izango baita.
"Balio handikoak izango dira partiden, klub federatuen (SD Plentzia, SD Danontzat edo Uresaranses), auzoko beste talde batzuen (Camay, Andra Mari, -20...), futbolean jokatu den zelaien (El Relleno, La Ponderosa, Puente Busterri, Arambarri, Errotabarri...) edo eskubaloi, txirrindularitza eta abarren argazkiak", zehaztu dute antolatzaileek.