Udan ezarri gura dute Plentzian aparkalekua arautzeko ordenantza

Ander Zarraga 2024ko ots. 20a, 10:21

Udalak aurreikusi du aparkatzea arautzea Frontoi, Plazatxoa eta Labasture kaleetan. © GOOGLE

Plentziako Udalak behin behinean onartu du udaldian aparkalekua arautzeko ordenantza. Horren arabera, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean egoiliarrentzako eta denboraz mugatuta egongo den urdinez markatutako aparkalekuak ezarri gura dituzte.

Aitor Garagarza Plentziako alkateak HIRUKAri adierazi dionez, "asmoa da neurria uda honetan bertan ezartzea"; hala ere, argitu du ordenantza oraindik alegazio-fasean dagoela eta gaurtik hasita 30 eguneko epea dagoela erreklamazioak aurkezteko. Behin-behineko ordenantza aurreko urtarrileko osoko bilkuran onartu zuten EH Bilduren gehiagoari esker, EAJ eta Isuzkitzako Hautesle Taldea abstenitu egin baitziren.

Ordenantzak ezartzen du aparkamendua arautzeko mugatzea ekainaren 1etik irailaren 30era izango dela, egun biak barne. Horren arabera, bi aparkaleku mota egongo dira udan: egoiliarrentzako "R" edo "E" bategaz adierazitako aparkalekuak eta 60 minutuko muga izango duten urdinez adierazitako aparkalekuak. Zehaztu dutenez, egoiliarrek urdinez adierazitako eremuetan aparkatu ahal izango dute, eta beraientzako izango dira aparkaleku publiko guztiak, Errotabarrikoa izan ezik; aldiz, urdinez adierazitako txandakako aparkalekuak Plazatxoa, Frontoi eta Labasture kaleetan ezarriko dituzte.

Batetik, egoiliarrek 24 orduz bakarrik aparkatu ahal izango dute beraientzako adierazitako guneetan. Egoiliarrak direla adierazteko txartela eskuratu ahal izango dute, besteak beste, Plentzian erroldatutakoek, ibilgailua Plentziako Udalean izena emanda dutenek edo Plentzian izena emanda duten enpresetako beharginek.  

Bestetik, urdinez adierazitako eremuetan aparkatzen duten ibilgailuek Udalak jarriko dituen parkimetroetako agiria izan beharko dute ikusgai, eta gehienez aparkalekua ordubetez erabili ahal izango dute, beste ordu betez hedatzeko aukeragaz. Gune urdinetarako ordutegia honako hau izango da: astelehenetik barikura 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta aste-akabuetan 09:00etatik 14:00etara.

Aurreikusitakoaren arabera, araudia betetzen ez duten ibilgailuek 100 euroko isuna jasoko dute egoiliarren aparkalekuetan edo agiririk gabe aparkatzeagatik, eta 80 eurokoa tiketa ikusgarri ez uzteagatik edo gune urdinean 60 minutuko epea gainditzen badute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun