Amaia Arbeloa jokalariak kontatu duenez, "emozioz betetako asteburua izan da, oso intentsua eta hunkigarria". Eta ez da gutxiagorako, Plentziako Kakarraldo Rugby Taldeko amen taldeak, Antzarrak izenekoak, jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu, eta bakarra berdindu. Guztira 18 jokalari joan dira Bartzelonara, eta "duela urte eta erdi hasi zen zoramen hau" borobildu dute.
Txapelketako lehen fasean, Antzarrakekoek aurrez aurre izan dituzte Joves Promeses (6-1), Lamiak (4-1) eta Camaleonas Verdes (1-1) taldeak. Aldiz, finalaurrekoa Rauxa Granaren aurka jokatu zuten, 2-1eko garaipenagaz eta, finalean, 3-2 irabazi zieten Camaleonas Amarillas taldekoei.
Arbeloak azaldu duenez, beraiek 10 jokalariz osatutako taldeetan jokatzen dute, "errugbi normalaren antzekoa da, baina ezaugarri eta arau ezberdinakaz". Dioenez, beraien taldean denetarik dago: "37 eta 53 urteko arteko emakumeak gara, kirolariak edo ez, hemen denentzako dago lekua". Izenari dagokionez, beraiek Karraldo Rugby Taldeko kideak izan arren, Antzarrak izena darabiltela kontatu du, "antzarrek V forman egiten dutelako hegan, bata besteari laguntzeko, eta gu ere horrela aritzen garelako: elkarri laguntzen eta ondoan egoten".