Plentziako Udalak Berpiztu, Garatu eta Eraberritu diru-laguntzen deialdia martxan dauka

Ander Zarraga 2024ko mar. 19a, 09:59

Hiribilduan hutsik dauden lokaletan jarduera ekonomikoa sustatzeko, enplegua sortzeko eta dauden establezimenduen berritzea sustatzeko diru-laguntzen deialdiak 2022ko abenduaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra egindako jarduketak laguntzeko balioko du. Guztira, Udalak 36.000 euro bideratuko ditu hiru arloren bitartez, eta eskabideak apirilaren 13ra arte eskatu daitezke.

Batetik, Plentzian hutsik dauden lokaletan saltoki eta ostalaritzako establezimenduen irekiera sustatzea da Plentzia Berpiztu diru-laguntzen partidaren helburua. Horretarako, 6.000 euro bideratu dituzte hutsik dauden lokal komertzialak alokatzeko. Onuradun izan ahalko dira Plentzian negozio berri gisa ezartzen diren edo euren jarduera Plentziara ekartzen duten enpresak, autonomoak eta ondasun erkidegoak. Onuradun bakoitzak 3.000 eurorainoko laguntza jasoko du, gastuaren % 50ekoa gehienez.

Bestetik, herriko ekonomiaren garapena, suspertze ekonomikoa eta enplegua sortzeko, Plentzia Garatzen plana garatuko dute. Horretarako, 10.000 euro bideratuko dituzte 2022ko abenduaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean edozein forma jurikoen bidez eratutako enpresa eta negozio sortu berriek edo autonomoek. Onuradun bakoitzak 3.000 eurorainoko laguntza jasoko du, gastuaren %70 gehienez.

Azkenik, Plentzia Eraberritu planaren helburua da merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza establezimenduak berritzea eta modernizatzea, negozioak lehiakorragoak izan daitezen eta bezeroei zerbitzu hobea eskaintzea. Diru-laguntzak jaso ahalko dituzte lokalak berritzeko inbertsioak egin dituzten merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza establezimendu guztiek. Horretarako, Udalak 20.000 euro bideratuko ditu eta onuradun bakoitzak 2.500 erorainoko laguntza jasoko du, gastuaren %50 gehienez.

Kasu guztietan, diru-laguntzek 2022ko abenduaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean egindako esku-hartzeei eragingo diete. Interesa duten pertsonek Udalaren HAZn erregistratuta edo telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, eta eskabideak aurkezteko epea apirilaren 13ra arte egongo da zabalik. Dirulaguntzaren eskaera establezimenduaren edo negozioaren titularrak edo legezko ordezkariak aurkeztu beharko du, Plentziako Udalak bere webgunean argitaratu duen eskabide-eredu ofizialari jarraituz.

Informazio gehiago gura izanez gero, hurrengo esteka hauetan kontsulta daiteke deialdia, eta zalantzarik edo laguntza behar izanez gero, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Landa Inguruneko Departamentura jo daiteke garapena@plentzia.eus helbidean edo 688 891 766 telefonora deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun