Plentziako Udalak bere irudi korporatiboa eguneratu du

Ander 2024ko mai. 27a, 12:27

Irudi berria daborduko ikusgai dago Udalaren sare sozialetan, eta laster webgunean ere txertatuko dute. © PLENTZIAKO UDALA

Daborduko Plentziako Udaleko sare sozialetan hiribilduaren irudi korporatibo berria ikusi daiteke: kolore bakarrean egindako irudi soila, belaontziagaz, Iparizarragaz gainean, itsasoaren olatuakaz eta "Uraren bideak" leloagaz. Laster, irudi berria udal-webgunean eta gainontzeko euskarrietan ere txertatuko dute.

Plentziako Udalak bere irudi korporatiboa eguneratu du, eta hainbat urtez erabili duten belaontziak hor jarraituko badu ere, berriak itxura modernoagoa eta diseinu garbiagoa izango du hemendik aurrera. Armarria eguneratuta duten arren, hiribilduaren tradizioari eta historiari erreferentzia egiten dioten elementuek hor jarraituko dute, hala nola armarria, itsasontzia eta itsasoa.

"Modu soilean bada ere, hiri-gutunaren pergaminoaren tolesdurak irudikatu nahi izan ditugu", adierazi dute udal-iturriek, hiribilduaren armarri historikoari erreferentzia eginez. Horrez gain, diseinu berriaren elementu nagusia itsasontzia izaten jarraituko da, baina horri Iparrizarra erantsi diote, "jatorrikoz armarrian agertzen zena, nabigatzaileei orientatzeko balio ziena eta guk lehentasuna emango dioguna, norabidea argi duen herri bat inoiz ez baita bidean galduko". 

Irudi berria borobiltzen, "Uraren bideak" leloa ere erantsi diote logo berriari; izan ere, Gorka Mayor historiagileak aipatu bezala, Plentziako itsasadarra ur-bidea izan da betidanik, eta ideia horri tiraka. "Itsasoa eta itsasadarra gure jardueraren, gure nortasunean eta gure izaeran duen eragina islatu nahi dugu, gure bidea uraren bideak izan baitira", azaldu dute Udaletik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun