Plentziako Udalak Euskal Errepublikako kide izatea onartu du

Ander Zarraga 2024ko mai. 31a, 14:55

EH Bilduko kideen aldeko botoakaz onartu dute. Hurrengo urratsak emateko agerraldia ekainaren 1ean egingo dute, Goñi Portalen. © EH BILDU

Maiatzeko osoko bilkuran, Plentziako Udalak Ehunek proposatutako mozioa onartu eta Euskal Errepublikaren parte deklaratu zen, "herritar guztion interesak babesteko". Ehunen iritziz, "udalek herritar guztion zerbitzura dagoen legedia behar dute", horrela bakarrik egin ahalko baitute herritar guztien alde, "baina legedi herritar hori espainiar Estatuan ezinezkoa da lortzea", adierazi dute.

Ehunek ohar bidez azaldu duenez, erabakia "historikoa" da, lehenengo aldiz Euskal Herriko erakunde batek lurraldearen zati bat Euskal Errepublikako parte deklaratu duelako.

Azaldu dutenez, "gehienetan" legediak ez ditu herritar guztien interesak ordezkatzen, beraien ustez, "gutxi batzuen interesak babesteko" eginda daudelako; izan ere deitoratu dute lege horiek udalen beharretatik urrun sortzen direla, "zer esanik ez Euskal Herriko udaletatik". Besteak beste, aipatu dute etxebizitzaren edo kostaren inguruko legediek "injustizia horren adibide garbia" direla. Gaitzetsi dutenez, esparru horiek eragin handia daukate Plentziako egunerokoan eta Udalak aurrera atera gura dituen hainbat asmorentzako traba dira.

Hori dela eta, Ehunetik uste dute "udalek herritar guztion zerbitzura dagoen legedia behar dutela; horrela bakarrik egin ahalko baitute inongo mugarik gabe herritar guztien alde". Legedi hori espainiar Estatuan lortzea ezinezkoa dela uste dutenez, Ehunek euskal errepublikaren deklarazioaren aldeko hiru puntuko mozioa eraman zuen maiatzaren 30ean egin zuten Plentziako osoko bilkurara. 

Plentziako Udalak onartutako mozioak baieztatzen du "espainiar Estatuaren parte garen bitartean ezin izango dela herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera. Ondorioz, Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta dugula diogu". Bestetik, azpimarratzen du errepublika hori "eskubide parekideak dituzten herritar parte-hartzaileek" osatzen dutela dute eta "Plentziako herritarrak bere parte gara". Azkenik, eta guzti horregatik "Udal honek bere burua Euskal Errepublikaren parte dela deklaratzen du".

Mozioaren inguruko irakurketa eta aurrera begirako urratsak zeintzuk izango diren argitzeko agerraldia egingo dute bihar, ekainak 1, 12:00etan, Plentziako Goñi Portalen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun