Galdamesen 1941ean jaioa, Plentzian bizi zen margolaria 83 urte zituela zendu zen ekainean. Bere senideek adierazi dutenez, "bere adierazpen-ibilgailua pintura izan da beti, eta aktibo egon da azken unera arte". Euskal gai tradizionalak, gizakia, itsasoa, landa-eremua eta bizitza izan zituen inspirazio-iturri bere lanetarako.
Margolariari bokazioa gaztetik etorri zitzaion: 16 urtegaz bere lehen pintura-enkarguak egiten hasi baitzen eta, 1966an, 25 urte zituela, bere lehen erakusketara egin zuen. Publizista gisa ere egin zuen lan eta bere ibilbidean hainbat sari jaso zituen. Bere lanek leku esanguratsua dute euskal margolari figuratibo kostunbristen artean, bere pintura errealistagatik eta bere karismarengatik. Bere lehen etapako margolanen artean ezagunak dira, besteak beste, Marmitako a Bordo, Baco, Basajaun eta El Rocio formatu handiko margolanak.
Bere bilakaera artistikoa irauli egin zen 2002an, iktus bat jasan ondoren. Horrek ondorioak utzi bazizkion ere, bere birjaiotze artistikoa ere izan zela azpimarratu du familiak, "erreferente artistiko guztietatik askatu eta sortzaile bezala ezerezetik hasi zen, bere konposizioak, gaiak, estiloa eta paleta goitik behera aldatu zituen estilo espresionista eta koloretsuagoa hartzeko".
Euskaditik mundura
Garcia Totorikaren obra hainbat lekutan dago, Europan, Japonian, AEBetan... Hainbat erakusketatan parte hartu du eta 40 urte baino gehiagoz lagun izan duen Felix Didimok egindako lanari esker, mundu osoko bildumagile eta arte-zaleengana iritsi zen.
Azken urteotan, margolariaren proiektua bere bilduma pribatuaren zati bat askatzea izan da, hala, bere ibilbide sortzaile osoko 800 lan baino gehiago zabaldu dituzte bere webgunearen bitartez. Senideek gaineratu dutenez, margolariaren proiektuak aurrera jarraituko du, eta atzera begirako erakusketa bat egitea aurreikusi dute.