Herri palestinarraren kontrako sarraskia eta Israelen "kolonizazio genozida" salatzeko ekimen ikusgarria egin dute gaur, zapatuan, dozenaka lagunek Plentziako hondartzan. Besteak beste, gogoratu dute daborduko 40.000 pertsona baino gehiago hil dituela Israelek Gazako Zerrendan, eta azpimarratu dute eraso horiek egiteko bonbak oso gertukoak direla: "Hango sarraskia, genozidioa, kolonizazioa, garbiketa etnikoa eta apartheida gureak ere badira, gure kapitala eta gure 'aktiboak' han negozio ederra egiten ari baitira".
Ildo horretan, hainbat "arduradun" seinalatu dituzte, hala nola Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, CAF, BBVA, ITP eta Carrefour: "Galdetu horiei ea norekin ari diren negoziotan, ea nor babesten, laguntzen, ari diren, ea nor armatzen ari diren, palestinarren defentsa eskubidea ala sionisten kolonizazio genozida babesten ari diren! Galdetu EHU, Tekniker, Tecnalia, Mondragon Korporazioa eta abar luzeari ea zer harreman dituzten israeldar erakunde eta enpresekin". Era berean, azpimarratu dute Israelek ezingo lukeela halako erasorik egin AEBen eta Europaren "konplizitaterik" gabe.
Horren aurrean, "euskal kolonialismo kapitalista" desarmatzeko eskaera egin dute: "Sarraski honen aurrean ezin gara isilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu. Ezin gara konplizeak izan. Gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea eta bake eta itxaropen etorkizuna eskaintzea eta Palestina herri bezala deklaratzea".