Ekitaldia Eleiz plazan egingo dute, 10:00etan abiatuta, eta Idiazabal Jatorriko Izendapeneko gaztandegiek beren produktuak aurkezteaz gain, horiek dastatzeko aukera ere egongo da. Aurtengo gaztarik onena zein den argituko dute epaileek 13:30etik aurrera.
Horrez gain, aurten, berritasun bat ere izango dute, egun bi lehenago, abuztuaren 16an, Idiazabal gazta Bizkaiko Txakolinagaz uztartzeko dastaketa ere egingo baitute Goñi Portalen. Sarrera doakoa izango da, baina parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute Plentziako turismo bulegoan, gehiegizko edukiera 30 pertsonakoa izango baita; izena ematen dutenek 10 euroko depositua ere jarri beharko dute, jarduera eta gero bueltatuko zaiena.
Plentziako Udaleko antolatzaileek eskerrak eman gura izan dizkiete BBK, Idiazabal eta Plentziako Perretxiko eta Itsaski Taldeari, "eskainitako laguntzagatik eta postuak lagatzeagatik".