Arduradunek azaldu dutenez, herrixka 11:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai, Ontziola plazan. Horretan, garai hartako egoera erakusteaz gainera, tailerrak, erakustaldiak, garaiko erreminten erakusketak eta nekazaritza zelan lantzen zen azalduko dute.
Horrez gainera, jardunaldien baitan, arkeologia esperimentaleko lehenengo workshop-a egingo dute, Historia graduko ikasle, arkeologian doktore eta gaiari lotutako afizionatuei begira. Saioak irailaren 20, 21, 22 eta 27an izango dira, eta horietan Behe Paleolitoko erremintak lantzeko teknikak erakutsiko dituzte, baita sua sortzen ere, besteak beste.