Domekako zeharkaldia Butroeko itsasadarrean eta Plentziako badian egingo dute, eta profesionalen eta zaleen artean ehunka parte-hartzaile biltzea aurreikusi dute antolatzaileek. 25 euroko izen-ematea duen lasterketa herrikoiaz gain, paddle supeko Pro txapelketa, Sup Yoga eta kirol egokituko zeharkaldi bat ere egingo dituzte. Gainera, egunean zehar, kontzertu solidarioak, tailerrak eta adin guztientzako bestelako jarduerak ere eskainiko dituzte, jai-eta familia-giroa sortzeko helburuagaz.
Jardunaldiak, kirol egokitua gizarteratzea sustatzeaz gain, bizimodu osasungarri eta ingurumena errespetatzearen garrantziaz kontzientzeko helburua du. Ekitaldiari, izen-emateei eta jarduera osagarriei buruzko informazio guztia elkartearen webgunean eta elkartean sare sozialetan kontsultatu daiteke.
Elkarte solidarioa
Goazen Up elkartea irabazi asmorik gabeko kirol elkartea da, fisikoki eta emozionalki hobetzeko helburuagaz, padlle sup praktikatuz eta yogaren onurakaz konbinatuz. Hau da, errehabilitazioko eta hobekuntza fisiko-emozionaleko metodo berritzaile bat garatu gura dute, paddle suparen eta yogaren bidez, ingurune natural batean.
Goazen Up kirola sustatzeaz gain, irisgarritasunagaz duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Elkarteak ekipamendu egokituak ditu, hala nola SUP tauletarako diseinatutako gurpil-aulkiak eta mugikortasun urriko pertsonen beharretara egokitutako arraunak. Ekimen horiei esker, gaitasun desberdinak dituzten pertsonek kirolaz goza dezakete ingurune natural eta oztoporik gabeko batean.