BizkaiaGara Eguna

Boluntarioek itsas hondoa eta Plentzia, Gorliz eta Barrikako hondartzak garbituko dituzte

Ander Zarraga 2024ko ira. 18a, 16:15

Itsasoaren hondoa garbitzen adituak diren urpekariek ere parte hartuko dute ekimenean.

Domekan, irailak 22, dozenaka lagunek garbiketa solidarioko jardunaldi batean parte hartuko dute Uribe Kostako kostaldean, itsaspeko eta kostaldeko hainbat jardueren bitartez, gure kostaldea inbaditzen duten hondakinei aurre egiteko.

Plentzia, Gorliz eta Barrikako kostaldea BizkaiaGara Eguna ekimenaren parte izango da datorren domekan. Egun horretan, dozenaka boluntariok bat egingo dute itsas hondoa eta hondartzak kutsatzen dituzten hondakinak kentzeko, kostaldearen jasangarritasuna eta ingurumen-osasuna hobetzeko ahaleginean. Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako ekimenak urpekariak eta ekintza-taldeak izango ditu, itsaslabarretatik itsasadarreraino.

Urpeko garbiketa Mare Fondumek egingo du, zeregin horietan espezializatutako erakundeak, eta esperientzia duten urpekarientzat gordeko dute. Bitartean, beste boluntario batzuk Plentzia eta Gorliz arteko pasealekuan ibiliko dira zigarrokinak biltzen, ingurumenerako hondakin ohikoenetako eta kaltegarrienetako bat baitira. Ola Sin Plásticos, GoazenUp, Tantak Sare Berdeak eta Nakusarbe bezalako elkarteek gidatuko dituzte kaleko ekintzak, Plentziako Ontziola plazan egingo dituzten hezkuntza eta sentsibilizazio jarduerakaz batera.

Jardunaldian zehar, Plentziako Itsas Estazioak ,tsas ekosistemetara hurbilketa zientifikoa ere eskainiko dute, baita erakusketa interaktiboak eta itsas espezieak behatzeko laborategi mugikor bat ere. Garbiketa jardueren ondoren, herri-bazkaria egingo dute parte-hartzaileen artean espiritu komunitarioa indartzeko. Inplikatutako erakundeek aurreko urteetako zifrak gainditzea espero dute; izan ere, aurreko edizioan, tona bat zabor baino gehiago erretiratu zuten inguruko kostaldetik eta itsas hondoetatik.

Egitasmoaren informazio guztia eta izen-emateak lotura honen bitartez kontsultaltu daitezke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun