Plentziako Udalak Urdulizerako errepideko tarte bat "puntu beltz" izendatzeko eskatu du

Ander Zarraga 2024ko urr. 29a, 15:25

Istripua BI-2704 errepidean, Plentziarako noranzkoan, artxiboko irudian. © BIZKAIKO SUHILTZAILEAK

Alkateak formalki eskatu dio Eusko Jaurlaritzari BI-2704 errepideko 21. eta 24. kilometroen arteko zatia puntu beltzat jotzea, 75 istripu eta 58 zauritu izan baitira azken urteetan.

Plentziako Udalak ofizialki eskatu du BI-2704 errepidearen zati bat, zehazki 21. eta 24. kilometroen artean dagoena, "puntu beltz" gisa kalifikatzea, ezbehar-tasa handia duelako. Trafiko Zuzendaritzak 2024ko abuztuan eguneratutako txosten baten arabera, segmentu horretan 75 trafiko-istripu gertatu dira hamar urteotan, 58 zauritugaz; horietatik bostek zauri larriak izan dituzte.

Aitor Garagarza Plentziako alkateak egindako eskarian azpimarratu du egoerak kezka handia sortzen duela plentziarren artean, "errepide horren mende baitaude eguneroko joan-etorrietarako".

Halaber, udalburuak bide horren garrantzia azpimarratu du, izan ere, Plentzia Urdulizko Ospitalearekin lotzen du, "eta funtsezko ibilbidea dela zerbitzu medikoetara eta larrialdi-zerbitzuetara heltzeko". Isuskitza auzorako eta Ardantzako kirol instalazioetarako lotura bakarra dela ere gaineratu du, "auzo periferikoko mila bat biztanle bide horren mende daude", erantsiz.

Bere eskaeran, Udalak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Bide Segurtasuneko 2025 Plan Estrategikoak eta Bide Segurtasuneko Urteko Txostenak ezbehar-tasa handia duten tarteetan lehentasunez esku hartzeko beharra nabarmentzen dutela. Horrenbestez, tarte hori "puntu beltz" izendatzeak aukera emango luke istripu-arriskua murrizteko eta bide-segurtasuna hobetzeko segurtasun-neurriak ezartzeari lehentasuna emateko, errepide horretako biztanleen eta erabiltzaileen mesedetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun