Abenduaren 5etik 31ra egingo dute Plentzi & Shop kanpainaren bosgarren edizioa

Erredakzioa 2024ko aza. 26a, 10:00

10 euroko deskontu-bonuak irabazteko aukera ematen duen Gabonetako kanpaina honen bosgarren edizioak tokiko ekonomia suspertzea du helburu. Plentziako merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-establezimenduek parte hartuko dute horretan, deskontu txartelakaz eta parte hartzen duten herritarrentzako zozketa bategaz.

Udalak, Merkatarien Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak babestutako Plentzi & Shop Gabonetan 2024 kanpainagaz tokiko kontsumoa sustatzea eta udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartzea dute helburu. Hala, atxikitako establezimenduen artean 25.000 arraspatu eta irabazi txartel banatuko dituzte.

Txartel horiek zuzeneko 10 euroko deskontuak lortzeko aukera emango dute. Gainera, saririk lortzen ez dutenek 900 euroko fondoa duen zozketa berezi batean parte hartu ahal izango dute. Txartelen atzeko aldean azalduko diren datuak betez eta Turismo Bulegoan abenduaren 31tik urtarrilaren 4ra bitartean jarritako hautestontzietan utziz parte hartu ahal izango da zozketa horretan.

Ekimenaren zenbateko osoa 15.000 eurokoa da, proiektuaren antolakuntzaren (9.100 euro), 10 euroko deskontu-txartelen (5.000 euro) eta zozketa gehigarri baten (900 euro) artean banatuta. 

Kanpaina 2024ko abenduaren 5etik 31ra egongo da indarrean, eta establezimendu parte-hartzaileetan txartelak trukatzeko aukera emango du. Antolatzaileek azpimarratu dute ekintza hau tokiko ekonomia indartzeko aukera bat dela, herritarrek erosketetan abantaila ekonomikoak dituzten bitartean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun