Plasentia de Butron Museoak "Elanchove lurrunontziaren hondoratze misteriotsua" erakusketa berezia aurkeztuko du

Ander Zarraga 2024ko aza. 29a, 10:47

Erakusketa 2025eko otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai. © PLASENTIA DE BUTRON MUSEOA

Abenduaren 1ean, Elanchove lurrunontziaren hondoratze misteriotsua erakusketa inauguratuko dute Plasentia de Butron Museoan. Erakusketa Idoia Ibañez Espainiako Merkataritza Itsasketako lehen emakume kapitainak komisariatuko du, eta Merkataritza Itsasketako Kapitainen Bizkaiko Elkartearen laguntza izan du. Erakusketak enigma historiko bat argitzea ez ezik, kaltetutako familiei omenaldia egitea ere bilatzen du, erantzunen zain dauden galderez betetako iraganari leiho bat irekitzeko xedeagaz.

Erakusketak Elanchove baporearen hondoratze ezezagunari heltzen dio, 1936an, Espainiako Gerra Zibilean gertatutakoa, eta, oraindik ere, misterioak inguratutako gertakaria dena. Erakusketan dokumentu argitaragabeen eta objektu historikoen bidez gertatutakoa berreraiki eta garaiko gizartean izan zuen eraginari buruz hausnarketa bultzatu gura izan dute.

"Helburua gaia ezagutzera ematea izan da, gai horri buruz oraindik galdera gehiago baititugu erantzunak baino. Dokumentazioa badugu ere, alderdi batzuk ez datoz bat errealitateagaz. Senitartekoen galderei ere ahotsa eman gura izan diegu eta gure historiaren zati honi buruz hausnartzeko gune bat ireki", azaldu du Idoia Ibañez erakusketaren komisarioak.

Erakusketak museoaren solairu oso bat hartuko du eta Plasentia de Butron Museoaren, Bilboko Itsas Museumaren eta Kapitainen Elkartearen piezak izango ditu ikusgai 2025eko otsailaren amaierara arte.

Besteak beste, hurbiltzen diren bisitariek honako hauek ikusi ahal izango dituzte: itsasontziagaz eta garai horregaz lotutako objektu historikoak, dokumentu argitaragabeak, hondoratzearen balizko kausei buruz hausnartzeko aukera ematen dutenak eta gertakari horrek familiengan eta 30eko hamarkadako gizartean izan zuen eragina ulertzeko materiala.

Plasentia de Butron Museoaaren ordutegia honako hau da. eguazten eta eguenetan, 11:00etatik 16:00etara eta bariku, zapatu eta domeketan, 11:00etatik 19:00etara. Sarrera doakoa da eta museoaren webgunean bertan aurkitu daitezkeen piezen katalogoa ere kontsultatu daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun