Goienkaleko iraganaren bila: indusketa arkeologiko batek Plentziako historiaren ezkutuko atal bat agerian utzi du

Iker Rincon Moreno 2024ko aza. 29a, 11:07

Plentziako Goienkaleko 12-14 atariko barruko patioan egindako indusketak ez du aurkikuntza arkeologiko zuzenik erakutsi, baina lortutako datuek hiribilduaren hiri-garapena hobeto ulertzeko baliagarria dela nabarmendu dute arkeologoek. Lana Edestiaurre Arkeologia Elkartekoek egin dute eta, hipotesiaren arabera, aztertutako eremua inguruko eraikin historikoei lotutako lorategi edo gune ireki bat izan zitekeen, hala nola XVI. mendekoa den eta gaur egun Plasentia de Butron museoa hartzen duen jauregiarena. Gainera, jakin ahal izan dute duela milaka urte bertan ur-putzu bat izan zela.

Plentziako alde zaharraren bihotzean, Goienkaleko 12-14 atariko barruko patioan igogailu bat jartzeko lanek indusketa arkeologiko bat eragin dute. Izan ere, obrak babestutako eremu batean gauzatzen ari dira, eta, hori horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak eta higiezinaren jabeek eskatuta, Edestiaurre Arkeologia Elkarteak esku-hartze arkeologikoa egin du bertan, lekuak ezkutatzen duen iragana agerian uzteko.

Arduradunek HIRUKAri azaldu diotenez, indusketa ur beltzen kutxatila zaharretatik ateratako hondakin modernoen geruza bat kentzeagaz hasi zen. Ondoren, arkeologoek buztinezko beste geruza trinko bat kendu zuten, 1,12 metroko sakoneraraino, igogailua jartzeko beharrezkoa zena. Hala ere, maila hori antzua izan da aztarna arkeologikoei dagokienez.

Alboko zundaketa batek harri ama, 1,30 metroko sakoneran dagoena, agerian uztea ahalbidetu zuen. Horrek esperantza txikia eman zien arkeologoei, hurbileko leku batean, Artekale 6ko indusketan esaterako, Erdi Paleolitoko materialak identifikatu baitziren arroka amaren gainean; hala, sakonera horretaraino induskatu zuten, baina oraingoan ez zuten aztarnarik aurkitu.

Ebidentzia geologikoak eta arkitektonikoak

Hala ere, horrek ez du esan gura egindako lanak emaitza interesgarririk izan ez duenik. Izan ere, azpimarratzen dutenez, azterketa estratigrafikoek ondorioztatzen dute buztin trinkotuen bost maila daudela bertan, uholde- eta lehortze-zikloez osatuak, eta, hori urtaroen araberako ur-putzu bat egon zela iradokitzen dute. Sedimentu-geruza horiek garai historikoa baino lehenagokoak dira, eta giza esku-hartze esanguratsurik gabeko ingurune naturala adierazten dute, “duela milaka urtekoak agian”.

Indusketaren geruza estratigrafikoak. © EDESTIAURRE

Maila arkeologiko berrienean, gaur egungo eraikinaren eraikuntza-elementuak dokumentatu dituzte, 1910ekoak. Zimendatze-zapatak margazko harlangaitzez eta adreilu egosiz osatuak daude, eta urbanizazio modernoaren lekukotza arkitektoniko gisa nabarmentzen dira.

Plentziaren ezagutza historikoari ekarpena

Indusketa honek aurkikuntza arkeologiko zuzenik erakutsi ez badu ere, lortutako datuek Plentziako hiri-garapenaren ulermena aberasten dutela nabarmendu dute Edestiaurreko kideek. Ikerketa amaitu ez bada ere, lehenengo hipotesiaren arabera, aztertutako gunea inguruko eraikin historikoei lotutako lorategi edo eremu ireki bat izan zitekeen, hala nola XVI. mendeko eraikin historikoa den eta gaur egun Plasentia de Butron Museoarena edo eliz plazaren ondoko etxeren batena. Ildo horretan, nabarmendu dute lursail hori ez zela inoiz nekazaritzarako erabili, eta ez zela inolako eraikinik egon bertan 1910era arte. Gainera, esan bezala, horren aurretik bertan putzu bat egon zen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun