Plentzian Portuko Udal Kontseilua ezarri dute, bosgarrena EAEn

Ander Zarraga 2024ko abe. 13a, 10:25

Hiribilduak bat egiten du Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Portuko Udal Kontseiluen sareagaz, portuko instalazioetan kudeaketa iraunkorra, parte-hartzea eta bizikidetza sustatzeko helburua duen egitasmoagaz. Hurrengo hilabeteetan Armintzako portuan ere urrats bera emango dutela iragarri dute.

Plentziak Portuko Udal Kontseilua eratu dute, eta EAEko bosgarren udalerria da kide anitzeko organo hori osatzen, Mutriku, Ondarroa, Getaria eta Elantxobegaz batera. Aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-gune hori Eusko Jaurlaritzak irailean onartutako dekretuaren barruan sartzen da, eta ezartzen du kontseilu horiek sortzea partaidetzazko kudeaketa baten zati gisa eta kostaldeko udalerrietara egokituta.

Sorreran zehar, Plentziako Udalaren, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren eta EKPren (Euskadiko Kirol Portuak) ordezkariek lehentasunezko gaiak jorratu zituzten, hala nola itsasadarraren antolamendua, portu-azpiegituren garbiketa eta mantentzea. Koldobika Goitiak, Eusko Jaurlaritzako Portuen zuzendariak, kontseilu horiek "portuen kudeaketa eraginkorragoa eta tokiko beharrekin lerrokatuagoa" ahalbidetuko dutela nabarmendu zuen.


Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsasa Gaietarako Zuzendaritzako eta EKPko ordezkariak Plentziako Udaleko ordezkariakaz izan zuten bileraren irudia. © IREKIA

Bileran Plentziako alkate Aitor Garagarza eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkari Edurne Egaña ere izan ziren. Horretan hartutako erabakiak lotesleak izango ez diren arren, foro honek portuari lotutako administrazioen eta gizarte-eragileen arteko elkarrizketa sustatu gura du, portuko jarduerak udalerriaren bizitzan duen integrazio sozial, kultural eta ekonomikoa indartuz.

Portuko Udal Kontseiluak sortzeko prozesuak datozen hilabeteetan jarraituko du, Armintzan, Ean, Hondarribian, Donostian, Orion, Zumaian, Deban, Lekeition, Mundakan eta Bermeon aurreikusitako bilerakaz. Guztiak 2025eko lehen hiruhilekorako eratuta egotea espero dute, Euskadiko portuen kudeaketan parte hartzeko sare hori sendotuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun