Plentziako Udalak Arpillaoko aparkalekuaren eta Isuskitzako sarbideari buruzko epai judizialen berri eman du

Ander Zarraga 2024ko abe. 16a, 10:11

Plentziako gobernu-taldeak azaldu du orain arte eztabaidan zegoen Ardantzako sarbidea publikoa dela eta hori konpontzeko lanak "premiaz" egiteko agindu duela. Horrez gain, Arpillaoko aparkalekuari dagokionez, Udalak zati bat konpondu beharko du, eta iragarri dute udal-lokalak "irekitzear" daudela.

Batetik, argitu dute hamarkadetako ziurgabetasunaren eta eztabaiden ondoren, txosten tekniko espezializatu batek zehaztu duela Isuskitzako Ardantzako sarbidea publikoa dela, eta Zabalazpikoa, berriz, pribatua. Udalak eskatutako azterlan honek 2020ko epaia betetzen du eta auzoko hirigintza anomaliak zuzentzeko oinarriak ezartzen ditu. Txostenaren emaitzak abenduaren 17an aurkeztuko dituzte jendaurrean, 18:00etan, Goñi Atarian.

Horregaz lotuta, duela gutxi kaleratutako auto judizial batek obrak premiaz egiteko agindua eman zuen, 1.000 bizilagun ingururi eragiten dien sarbidearen segurtasuna bermatzeko. Horrenbestez, Udalak iragarri du erlojuaren kontra ari dela lanean ezarritako epeak betetzeko, hasierako erantzukizuna aurreko legegintzaldiari zegozkion arren. Lanek inbertsio esanguratsua eta azterketa tekniko konplexuak beharko dituztela ere aurreratu dute.

Arpillaoko aparkalekua

Bestetik, Udalak 2023ko ekaineko epaia betearazteari ekin diola ere adierazi du. Epai horrek Arpillaoko aparkalekuaren zati bat konpontzea eskatzen zuen, 600.000 euroko balioagaz. Neurria konponbide partziala zelakoan, eta behin betiko irtenbide iraunkorrago bat bilatzeko asmoz, Udalak 3 milioi euroko balioa duen proiektu autofinantziatu bat planteatu zuen, "baina, errekurtso hori ez da onartu, eta epaia betetzera behartzen gaitu", adierazi dute Udaletik.

Halaber, Udalak azpimarratu du baliabide administratibo eta ekonomiko garrantzitsuak behar dituela lehentasunezko proiektu horri eta beste batzuei ekiteko, eta Bizkaiko Foru Aldundiari finantzaketa bidezkoagoa eskatu dio. Erronkak erronka, udalerriaren garapen integralaren aldeko konpromisoa berretsi du, gardentasuna eta herritarren lankidetza bermatuz.

"Datozen urteetan gure ahalegin gehienak bi proiektu hauetan zentratuko diren arren, ziurtatu nahi dizuegu gure udalerriaren garapenerako garrantzitsuak diren beste arlo eta eremu batzuetan lan egiten jarraituko dugula", gaineratu du gobernu-taldeak bere adierazpenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun