Edestiaurrek egindako proiektu arkeologikoei errepasoa, Goñi Portalen

Iker Rincon Moreno 2025ko urt. 13a, 12:26

Uribe Kostako Historiaurreko zein etapa garaikideagoak ikertu dituen Edestiaurre arkeologia-elkarteak 10 urte bete ditu. Hori ospatzeko, eta egindako lanak gizarteari erakusteko, argazki-erakusketa antolatu du Plentziako Goñi Portalen. Gaur, astelehenean, egingo dute inaugurazioa, 18:00etan, eta bertan ikusgai egongo da, hilaren 24ra arte, 2015etik gaur egunera bitartean eskualdean zein inguruan egindako proiektuen eta arkeologia esperimentalaren laburpen txiki bat. Horrez gainera, datozen hilabete eta urteetan egingo dituzten proiektuen berri emango dute. 

Elkartekoek gogoratzen dutenez, 2015ean Atxurra kobazuloan egindako indusketa-lanetan eta horretan labar-pinturak aurkitu ostean sortu zuten taldea. Hala, hamarkada horretan egindako lanak ospatzeko antolatutako jarduera sortari hasiera eman diote. Hurrengo zita otsailaren 6an egingo dute, oraingoan Larrabetzun, LAR02 eta LAR03 proiektuetan egindako lanen berbaldi bategaz. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun