Urtarrilaren 20tik aurrera, Plentziako Udala, Bizkaiko Foru Aldundiagaz lankidetzan, herriko etxebizitza guztiak bisitatzen hasiko da, txartel pertsonalizatua emateko. Gailu horri esker materia organikoaren edukiontzietan instalatutako sarraila elektroniko berriak ireki ahal izango dira, horien erabilera ahalbidetzeko.
Udaleko iturriek azaldu dutenez, gaur-gaurkoz, Plentziako hondakinen % 20 baino ez dira bereizita biltzen, eta herrian sortzen den materia organiko birziklatua % 2 baino ez da. Horregaz batera, gogoratu dute hondakinak ez bereizteak Udalaren gastu ekonomikoan eragiten duela, eta gainkostua ere suposatzen duela: "Hondakinak behar ez bezala botatzeagatik, hala nola beira, berrerabilgarriak, materia organikoa edo gainerako frakzioko edukiontzietan, tratamendu-tarifa handiena baitu".
Txartelagaz batera, kubo bat, poltsa konpostagarriak eta azalpen-liburuxka bana banatuko dituzte doan etxe bakoitzean, informazio-puntuez eta dibulgazio-materialez gain. Horregaz batera, 750 informazio-bando jarriko dituzte udalerriko etxebizitza guztien atarietan, eta 3.000 informazio-orri inprimatuko dituzte, hiribilduko etxeetan sortzen diren hondakinen bilketa bereiziari buruzko informazioa emateko.
Azpimarratu dutenez, kanpaina horri esker egungo bilketa-tasak hobetzea espero dute, eta gogorarazi dute herritar guztien erantzukizuna dela udalerrian sortzen diren hondakinen bilketa berezian parte hartzea.