Plentzia Geuretik Sortuak nazio mailako kultur proiektuaren parte izango da, hain zuzen ere, euskal artisten sormena sustatzea eta euren lanak Euskal Herriko herrietako kontakizun eta historiakaz lotzea helburu duen ekimena. Udalbiltzak sustatutako programa honek artea euskaraz sortzea eta zabaltzea bultzatzea du helburu, komunitateen eta sortzaileen arteko lotura handiagoa sustatuz.
Aurten, Geuretik Sortuak ekimenak inoiz baino parte-hartzerik handiena lortu du, 30 udalerri eta 30 sortzailegaz, literatura eta komikitik hasi eta zinema eta antzerkiraino. Plentziaren kasuan, Ekhiñe Famosoren antzerki-obra bat garatuko dute udalerrian.
Proiektuak, euskarazko artea sustatzeaz gain, herrien arteko lotura kulturalak indartzeko xedea ere badu, beraien nortasun bakarrak babesten eta partekatzen lagunduz. Egitasmoan parte hartuko duten udalerrietan egindako lana formatu ezberdinetan gozatu ahal izango da, euskal herrien ahotsak beren mugetatik harago eramanez.