Hondakinak biltzeko auzolana egingo dute Plentzian, otsailaren 16an

Nahia Martinez Gondra 2025ko ots. 7a, 15:00

Ontziola plazan elkartuko dira. © BARRIKA BATU

Uribe Kostako Mankomunitateko Jasangarritasun Sailak antolatuta, datorren domekan, otsailaren 16an, Plentziako udaletxearen inguruan eta itsasadarraren pasealekuan hondakinak biltzeko auzolana egingo da goizeko 11:00etatik aurrera. Topaketa gunea Ontziola Plaza izango da.

Garbiketa saio hau, EKOGUNEk Uribe Kostako eskoletan (Ander Deuna Ikastola, Zipiriñe Eskola, Berango Merana, Elortza Ikastetxea, Gorlizko Ikastetxea, Plentziako Ikastetxea eta Lemoizko Ikastetxea) egiten ari den "Eskualdeko Birzi taldea" kontzientziazio kanpainari amaiera emateko balioko duen ekimena da. Domekako jarduera eskualdeko zazpi eskola horietako familiei eta bere aletxoa jarri guraduten Uribe Kostako gainerako bizilagunei zuzenduta dago.

Ekitaldia amaitutakoan, hondakin poltsa guztiak udaletxeko plazan jarriko dira gai birziklagarrietan banatuta (papera, ontziak, beira, organikoa, etab.) jendeak ikus dezan eta kontzientzia har dezan, zer garrantzitsua den ondo sailkatzea eta birziklatzea.
Era berean, parte hartzaileen artean zozketa bat egingo da, produktu jasangarriakaz eta hainbat objektu eta material ezberdinakaz.

Garrantzitsua da aipatzea baita ere, ekitaldi honetan komiki-lehiaketaren irabazleak iragarriko direla, eta sariak banatuko zaizkie lehiaketa honetan jasotako proposamen onenei. Hondakinen garbiketa jarduera hau, kontzientziazio kanpaina bat, herritarrak konturatu daitezen zenbat hondakinek bukatzen duten gure kaleetan, hortik erreketara doazenak eta ondorioz itsasoetara.

“Birzi”, hondakinen superheroiez osatutako taldea da: organikoa, papera, beira eta ontzia edukiontzien pertsonaiak, alegia. Helburua birziklatzearen garrantziaz sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun