Plentziako Areatza hiribideko 10. zenbakiko eraikinen eraisketa-lanakaz hasi dira

Ander Zarraga 2025ko ots. 13a, 12:06

Ecomotor izenez ere ezagutzen zen gune horretako eraikinak botzeko lanak aste honetan abiatu dituzte.

Areatza hiribidearen eta Mungia bidearen artean zeuden eraikinak botatzegaz batera, plentziarren artean zeresan handia eragin duen hirigintza-sustapenari hasiera eman diote. Bertan, 20 etxebizitza eraikitzeko asmoa dago, baina herritarren artean hautsak arrotu dituena bertako eskaileren desagerpena da.

Ecomotor bezala ere ezagutzen den gune horretako eskailerek kale bien arteko garaiera saihestu eta herriko alde zaharra zein portua lotzen dituzte, baina plentziar asko arduratuta azaldu da eraikuntza berriagaz horiek desagertu egingo direlakoan. Kezka hain handia izanda, auzokide-talde batek sinadura bilketa ere hasi zuela. Hala ere, egitasmoan aurreikusitakoaren arabera, eskailerak biribilgunerantz 30 metro inguru mugitu eta Mungia bideko espaloia ere zabaltzeko asmoa ei dago.

Egitasmoa 2009an abiatu zuten, talde independenteak, EAJk eta PPk osatzen zuten Udalbatzak elkargunearen eremuko aldaketa puntualaren hasiera onartu zuenean. Behin betiko onarpena Bizkaiko Foru Aldundiak egin zuen 2011ko martxoan. Arauen aldaketa horrek ahalbidetu zuen hirigintza-sustapena garatzea, eta eskaileraren kokapen berria zehaztu zuen.

No hay ninguna descripción de la foto disponible.Eremu horretan egingo dituzten etxebizitzen irudikapena. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun