Plentziako Erribera kaleko 23 zenbakian dagoen IB Ileapaindegian bezeroen gurarien araberako eskaintza daukate: "Ilea moztea, balayage, metxak, tindatzea... Gure helburua herrira moda ekartzea da". Gainera, bezeroen artean, adin guztietako plentziarrak dituzte, "baita 102 urte dituen emakume bat ere!". Gizonek ere ilea gero eta gehiago zaintzen dutela dio, gero eta gehiago baitira joaten zaizkienak.
Estiloei dagokienez, emakumeen artean balayage edo "surferoen estiloko metxak" dira gehien eskatzen dizkietenak; aldiz, gizonezkoen artean ilea futbol-jokalarien moduan mozteko eskatzen dietela dio ile-apaintzaileak.
Bere lana gustuko duela nabarmendu du; izan ere, jendea "polito" jartzea eta ile-apaindegitik pozik ateratzen ikustea oso gustuko du. "Egun txarra baduzu, baina txukun jartzen bazara, hobeto sentituko zara; jende asko dago hori egiten duena, eta niri asko gustatzen zait hori eman ahal izatea".
Dioenez, udan asko nabaritzen da jendearen gorakada, "batez ere, Aste Santutik irailera bitartean izaten da gorakada". Urte osoan zehar ere lan asko izaten dute, baina, dioenez, "uda inguruan bikoitza edo hirukoitza ere izan daiteke".
IB Ileapaindegian apaingelak dituzte manikura edo bestelako zerbitzuak eskaintzeko ere, baina, momentuz, ile-apaindegiagaz nahikoa duela dio. "Ezin naiz beste kontu batzuetan sartu, baina beste norbaitek hartu beharko luke parte hori, kabineteak prest daude-eta", gaineratu du.