Gaur, otsailak 25, klaseak hasi aurretik, hainbat ikasle eta irakasle batu dira Uribe Kosta BHI institutuaren atarian. "Gure autodefentsa zuen beldurra" edo "ez gara isilduko" leloak zeramatzaten pankartak zituzten, eta egindako irakurketan azaldu dutenez, hasieran, ikasle batzuen arteko txantxa bat bezala hasi zenak, laster utzi zion jolas bat izateari, "hainbat ikaskidek mezu desegokiak, baita mingarriak ere, jasotzen hasi ginenean". Hori gutxi balitz, erantsi dute ikasle-talde horrek Batxilergoko beste ikaskide batzuen ordenagailuak hartu eta beraien identitatea ordezkatu zuela mezuak bidaltzeko.
"Egoera honen aurrean denek ez zuten hitz egiteko konfiantza sentitu, baina beste batzuek zuzendaritzara jo genuen. Hau izan zen zuzendaritzatik jaso genuen erantzun bakarra: "Izenik ez baduzue ezin dugu ezer egin, arazoari garrantzia kenduz", gaineratu dute.
Gaiak eztanda egin zuen duela aste bi, irakasle batek ere lekuz kanpoko eduki sexualak zituen mezuak jaso zituenean. Horrek zuzendaritza-taldeari jakinarazi zion eta orduan hartu zituzten neurriak.
Zuzendaritzaren erantzuna
"Irakasleak jasotako mezuen berri izan eta hurrengo egunean kartelak jarri genituen zentro guztian. Gainera, klasez klase ere joan ginen arazoaren berri emateko eta ez egiteko esateko, baina gaia modu hezitzailean landu behar dugula uste dugu", azaldu diote HIRUKAri zuzendaritza-taldetik. Gaineratu dutenez, erabakiren bat hartu aurretik, gaiaren inguruko informazioa ere jasotzen egon dira, eta adierazi dute daborduko neurriak hartu dituztela ikasle arduradunen aurka, "dekretuak onartzen duen prozeduraren arabera".
Hala ere, ikasleek beraien irakurketan deitoratu dute lehenago neurriak hartu izan balituzte, hori ez litzatekeela gertatuko: "Ezer ez da aldatu hormetan kartelak pegatzearekin; horregatik, ikasleak egoeraren aurrean aldarrikatzeko erabakia hartu dugu, nahiz eta irakasle guztien babesa ez izan. Batzuen iritziz, gertatutakoa umeen arteko tontakeria bat izan da, baina guk ez dugu uste pertsonen identitatea ordezkatzea tontakeria bat denik".
Bukatzeko, ohartarazi dute "arazo larria" dela mutil gazteen artean zabaltzen ari den jarrera "homofobo eta matxista", eta azpimarratu dute ez daudela prest hori ikastetxean onartzeko eta horren aurrean ez direla isilduko.